Iruñeko Zitadela eraikitzea agindu zuen Felipe II errege espainolak hamaseigarren mendean. Bost puntadun izarraren itxura zuen plantak. Punta bakoitzak norabide guztietatik etor zitezkeen erasoak kontrolatzeko aukera ematen zuen. Eraikin militarraren helburua: hiria zigortzea, herritarrak kontrolatzea, Joanes Albretekoari zioten atxikimendua apalaraztea.
Bertan egingo du Sarek manifestazioa uztailaren hiruan.
Presoak zigortzea, kontrolatzea, Euskal Herriarekiko atxikimendua apalaraztea zuen helburu mila bederatziehun eta laurogeita zortzian abian jarri zuten dispertsio politikak. Hogeita hamabost preso hil dira espetxean, azkena Igor González. Urruneko gotorlekutan atxikita, zigor erantsia ezarri zieten senideei ere: kilometro asko egin behar errepidean, neke fisiko eta mentala, diru xahuketa eta heriotza. Natividad Junco da, gaur arte, hamasei izeneko zerrenda luzean azkena.
Legea erabili zuten eskubideak ukatzeko, legearen interpretazio ankerrena egin zuten espetxe politika gizagabea abian jarri eta bideratzeko.
Iruñeko Zitadelaren erabilera ankerrena egin zuten indar frankistek hogeita hamaseiko estatu kolpearen ondoren, makina bat herritar fusilatuta “Socorroaren atean”.
"Ez dugu lortu oraindik presoek zigorra ohiko bizilekutik gertu betetzeko duten eskubidea errespetatzea. Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak"
Presoen dispertsioa aldatzen ari da. Hiru hamarkada baino gehiago behar izan ditugu. Egoera berria pertsona askoren esfortzuei esker lortu da: euskal herritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio eta noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimen esfortzuari esker.
Hala ere ez dugu lortu oraindik presoek zigorra ohiko bizilekutik gertu betetzeko duten eskubidea errespetatzea. Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin ahal izateko, noraino? Presoak etxean izateraino. Lehenik eta behin 70 urtetik gorakoak, salbuespenezko legedipean (7/2003 eta 7/2014) zigortutakoak, gaixotasunak dituztenak… denak etxerako bidean jarri nahi ditugu.
1808an D´Armagnac general frantsesak Zitadelaren defentsa apurtzea lortu zuen. Bere agindupeko soldaduak elur malutekin jolasteko aitzakiarekin hurbildu ziren Zitadelako zaindariak ezustean harrapatzeko. Elurtea aprobetxatzen jakin izan zuten.
Elurtea aprobetxatu behar dugu guk ere espetxe politikaren gotorlekua apurtzeko. Gaur egungo baldintza politikoak bihar, agian, aldatuko direlako. Urteekin Zitadelaren erabilera aldatu egin da, aldarazi egin dute. Errepresio, menderatze eta heriotza gune izatetik ekitaldi kulturalez gozatzeko paraje ederra izatera igaro da.
Gotorleku eta harresi politiketatik gizatasuna eta bizikidetzaren espetxe politikarako bidea ibili nahi baduzue, presoak etxerako bidean jarri nahi badituzue, gonbidatuta zaudete uztailaren 3ko manifestaziora.