argia.eus
INPRIMATU
Ibilaldiak lau gune izango ditu, baina ezingo da batetik bestera mugitu
  • Sopelan egingo da Ibilaldia, maiatzaren 30ean. Aurtengo edizioak ez du ibilbiderik izango, ez janari ez edari zerbitzurik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek jakinarazi dutenez.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 13a

Herrian lau gune egongo dira, baina ezin izango da batetik bestera mugitu. Jendeak, hortaz, aukeratu egin beharko du zein gunetako egitarauak erakartzen duen gehien. Behin aukeraketa eginda, izena eman behar da Ibilaldia.eus webgunean.

Guneak non kokatu aukeratzeko orduan, bete beharreko osasun neurriak hartu dituzte kontuan. "Horrela, berezko babesa edota ixteko erraztasunak eman ditzaketen tokiak hautatu dira", antolatzaileen hitzetan.

Egitarauari dagokionez, gune bakoitzean bi aktibitate mota txertatu dira. Tailerrak batetik, eta ikuskizunak bestetik. "Ibilaldian zehar antolatu diren aktibitateetan adin guztietako pertsonek leku izan dezaten saiatu gara".   

Guneak

SUA, Ander Deuna Ikastolan. Zurezko jokoak eta dantza tailerra eskainiko dira bertan, Deabru Beltzak taldearen ikuskizuna. Hasiera ekitaldia ere gune honetan izango da. Ander Deuna eta Betiko ikastolek lekukoa pasako diote 2022ko Ibilaldiko antolatzaile izango den Bilboko Abusu ikastolari. 

URA, Barinetxeko goiko aparkalekuko alde batean. Batetik, Saharar herriaren kultura ezagutzeko aukera izango da; eta bestetik, haurren hondartza diseinatuko dute umeek. Ur-jolasak ere egingo dira. Zein ikuskizun eskainiko duten zehazteke dago.

HAIZEA, Barinetxeko goiko aparkalekuko beste aldean. Kometa eta perkusio tailerrak izango dira, eta Turutukupa kolektiboaren ikuskizuna.

LURRA, Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruan. Talo eta Tai Txi tailerrak egingo dira, eta Gora Kasete ikuskizuna.