argia.eus
INPRIMATU
Ibilaldia Portugaleten: Ezkerraldean euskararen aldapa leuntzen
  • Igande honetan izango da 35. Ibilaldia Portugaleten, Asti Leku ikastolak antolatuta. Guztira 7,3 kilometroko ibilbidea izango du eta aurreikuspenek diote 80.000 eta 100.000 euskaltzale artean izango dituela bisitari.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 24a

Aldapak leunduz da aurtengo Ibilaldiaren leloa, eta esanahi ugari eduki ditzake: Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko aldapa fisikoei ez ezik, egungo “aldapa ekonomikoari” ere egiten dio erreferentzia, baita ezkerraldean bizi duten “euskararen aldapa” zailari ere.

Ibilaldiko zuzendari Carlos Gomezek “ospakizuna Ezkerraldean izatearen garrantzia” azpimarratu du, festaren azken xehetasunak azaltzeko eginiko agerraldian. Euskararen erabilera ezagutza maila baino murritzagoa dela aipatu du. Hala ere, “euskaldun zahar zein etorkizunekoei” eskaini die bertaratzeko gonbita.

Jesus Mari Bilbao Asti Leku ikastolako zuzendariak, ekimenarekin jasotako diruarekin aurrera aterako dituzten proiektuen berri eman du: “Aisialdi eta kirolerako jolastokiak egokitu eta bigarren hezkuntzako eraikin berria egin nahi dugu. Dena dela, ez dugu ahaztu behar Ibilaldiaren helburu nagusia Ezkerraldean euskara sustatzea dela”.

Bost gune antolatu dituzte ibiltariak egunean zehar entretenitzeko. “Gazteei egokitutako bi gune, familientzako beste bi, eta folk musikaren gunea” aipatu ditu Cristina Roy aurtengo Ibilaldiko dinamizatzaileak. Kontzertuen artean, Herri Oihua, Hesian, Skasti, Kherau, Gatibu, Zarama eta DJ Makala arituko dira, besteak beste. Haurrentzako ekitaldien artean, bestalde, Irrien lagunak, karaokea edota apar festa.

Informazio zabalagoa nahi duenarentzat, Ibilaldiaren webgunean topa dezake.