argia.eus
INPRIMATU
Ibilaldia eta Eskola Publikoaren Jaia, egun berean
  • Bizkaiko ikastolen jaia, Ibilaldia, maiatzaren 25etik ekainaren 1era aldatu dute antolatzaileek, Europar Batasuneko hauteskundeen egun berean izan ez dadin. Orain, ordea, Euskal Eskola Publikoaren jaiarekin egingo du bat eta erabakia kritikatu egin du EHIGE euskal eskola publikoko gurasoen elkarteak.

ARGIA @argia 2014ko martxoaren 03a
Beste data bat aurkitzeko eskatu dio EHIGEk Ikastolen Elkarteari.

Erabakia "zoritxarrekoa" dela dio EHIGEk, are gehiago bi jaiak Bizkaian izanik (Gernikan da Ibilaldia, eta Balmasedan eskola publikoaren festa) eta data alternatibo bat aurkitzeko eskatu dio Ikastolen Elkarteari, jai biak egun berean ospatzea bien kalterako izango dela-eta. Lourdes Imaz EHIGEko ordezkariaren hitzetan, Ibilaldiko antolatzaileek eurei eskatu zieten egunez aldatzeko, baina eurak lehenagotik zuten hartua ekainaren 1a.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak erantzun du "behartuta" aldatu dutela eguna, hauteskunde egun batean 100.000 lagun egun osoko jai batera mobilizatzea ez dela beraien aurreikuspenetan sartzen eta segurtasun arazoak ere sor zitezkeela, Ertzaintzak ezingo lukeelako Gernikan dispositibo berezia jarri.

Tellituren esanetan, asmoa ez da "inondik ere, Eskola Publikoaren Jaia zapuztea" eta bi festen balioa gehitu edo biderkatu dadila aldarrikatu du, "euskararen eta euskal hezkuntzaren normalizazioa sustatzearen alde".

Data aldaketarik ez

Tellituk gehitu du ez dutela igandetik larunbatera pasako Ibilaldia, herriaren ohikotasunari are gehiago eragingo liokeelako eta segurtasun arazoak egon litezkeelako, jaia bukatutakoan jende askok festa luzatuko bailuke. Maiatzaren erdialdetik ekaina erdialdera arte, igandero hezkuntzarekin lotutako jairen bat dagoela eta ekainaren 1a hautatzea erabaki zaila izan dela gaineratu du.