argia.eus
INPRIMATU
Iberiar penintsula baino handiagoak diren bost plastikozko uharteek gizakion osasunean kalte larriak eragiten dituzte
  • Ozeano Atlantikoan 580.000 plastiko pieza daude kilometro karratu bakoitzean, Sea Education Society elkartearen arabera. Plastikoaren kutsadurarengatik urtean 100.000 itsas-dordoka eta hegazti hiltzen dira, Eco Portal gune ekologistak jaso duenez.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 06a

Adituek itsasoko plastiko multzoei “partxe” deitzen diete. Mundu osoan bost partxe erraldoi zenbatu dituzte. Ozeano Barearen iparraldean dago handiena, Iberiar Penintsula eta Frantziako Estatua baino azalera handiagoa duena. Kontrolik gabeko plastiko kontsumoaren ondorio dela dio Nazio Batuen Erankundeko Ingurumen Zientzietako zuzendari Achim Steinerrek: “Geure buruari ari gara harriak botatzen”. Itsasoko hondakin plastikoei buruz ARGIAk erreportajea egin zuen iaz.

SES –Sea Education Society– elkarteak egindako ikerketa baten arabera, Ozeano Atlantikoan kilometro karratu bakoitzeko 580.000 plastiko pieza daude. Gizakioi zuzenean kalte egin baino, itsas-animaliek pairatzen dituzte ondorio zuzenenak. Urtean 100.000 itsas-dordoka eta hegazti baino gehiago hiltzen dira plastikoa jan edo honekin kateatzeagatik.

Plastikoak minbizia sor dezakeela jakina da, baina Arizonako Unibertsitateko ikerlari Rolf Haldenek dio ezin dela zehatz-mehatz jakin zenbaterainoko eragina duen gizakiongan. “Guztiok gaude kutsatuta; ezin da jakin zertan eragin digun” dio. Plastikoak deskonposatzeko urteak eta urteak behar ditu, baina berehala kanporatzen ditu toxinak, zeinak berehala uretan zabaltzen diren. Merkurioa, kadmioa eta beruna dira ohikoenak. Ingurumen ikerlarien hitzetan, ozeanoko animalia gehientsuenak daude toxina horiekin kutsaturik.

“Ez digula eragiten uste dugu”

“Oraindik ez ditugu plastikoaren kalteak pairatu, eta horregatik ez gara egoeraren jabe”, dio NBEko Steinerrek. Natura zaintzearen beharra azpimarratu du, gure osasunean eragin dezakeelako. Plastikoaren kontsumoa murriztea eskatu du, ahalik eta gutxien erostea: “Bakoitzak egunean 300 gramo plastiko inguru sortzen du”. Geroz eta gutxiago erosita, orduan eta zabor gutxiago sortuko dela dio.

Arizonako Unibertsitateko Halden kezkatuta dago ingurumenagatik. Herritarron “kontzientzia garatzea” posible dela esan du, baina ezinezkoa dela gobernuen eta batik bat, Nazio Batuen Erakundearen jarrera aldaketarik gabe. Haldenen hitzetan, “beldurra” dute errealitatea den bezalakoa dela adierazteko: “Ingurumenaren alde lan handia egiten ari dira azken urteotan, baina herritarrei ez diete guztiz egiazko errealitate bat erakusten”.