argia.eus
INPRIMATU
Iberiako lurreko asistentzia-sektoreko grebak ia 50 hegaldi bertan behera utzi ditu Hego Euskal Herriko aireportuetan
  • 48 hegaldi geratu dira bertan behera. Lanuzteak Espainiako Estatu osoko 45.600 bidaiari baino gehiagori eragingo die.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 05
Argazkia: Wikimedia Commons

Lau eguneko grebari eman diote hasiera Iberiako ‘handling’ (lurreko asistentzia) sektoreko kideek. Ostiral honetatik hasita, urtarrilaren 5etik 8ra iraungo du lanuzteak. Loiu, Hondarribia eta Noaingo aireportuetan 48 hegaldi geratu dira bertan behera, eta Espainiako Estatuan 444. Guztira 45.600 bidaiari baino gehiagori eragingo die grebak Espainiako Estatu osoan.

Loiun Iberiaren 18 hegaldi bertan behera geratu dira, eta Hondarribian eta Noainen, berriz, hamasei eta hamalau hegaldi, hurrenez hurren. UGTk, CCOOk, USOk eta enpresen arteko batzordeak deitu dute lanuztera, eta ia ehun airelineatan izan dezake eragina.

Iberiako zuzendari korporatibo Juan Ciercok, ordea, adierazi du lanuzteak ez duela “justifikaziorik” eta greba "ulertezina" dela. Azpimarratu du “bermatuta” daudela lanpostuak, gizarte-onurak, soldatak, lanaldia, oporrak eta antzinatasuna, beste lan-eskubide batzuez gain.

Iberiak jakinarazi duenez, grebak %14,61eko jarraipena izan du 9:30ean. Konpainiak ziurtatu du egunak “normaltasunez” jarraitzen duela, maleten maneiuan gorabeheraren bat izan duten arren.

Zer gertatuko zaie bidaiariei?

Facua-Consumidores en Acción elkarteak azpimarratu duenez, hegaldirik gabe geratu diren bidaiariek konpentsazio ekonomikoak jasotzeko eta gastuak itzultzeko eskubidea dute. Konpentsazio horiek 250 eta 600 euro artekoak dira, bertan behera utzitako hegaldiaren distantziaren arabera, eta murriztu egin daiteke garraio alternatiboa eskaintzen bada. Bestalde, argitu du gastu batzuk erreklamatzeko aukera dagoela, hala nola hotelak edo jarduerak. Europako araudiaren arabera, bertan behera uztea irteera-ordutik gertu gertatzen bada, airelineak behartuta daude jatekoa, ostatua (beharrezkoa bada) eta garraioa eskaintzera.