argia.eus
INPRIMATU
Iberdrolaren kontrako isuna 85 milioi eurotik 5,4 milioira jaistea eskatu du fiskalak
  • Ustelkeriaren kontrako Espainiako Estatuko fiskalak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an, eta urtegietatik ura kentzen aritu zela frogatutzat eman du, konpainia elektrikoaren kontra egiten ari diren epaiketan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko azaroaren 29a

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira Iberdrola enpresa eta bere hainbat kargu, 2013an prezioak manipulatu zituztelakoan euren intereserako. Ustelkeriaren kontrako fiskalak, Antonio Romeralek, enpresaren eta bere arduradunen kontrako salaketak mantendu ditu eta azken saioan emandako ondorioen txostenean berretsi du konpainia elektrikoak ezin izan dituela prezio igoerak justifikatu auzian zehar.

2013ko neguan Iberdrola Generacionek (Iberdrolaren filialak) bere esku zeuden urtegi batzuk itxi zituen –Duero, Sil eta Tajo ibaikoak zehazki–, fiskalaren ustez energia hidroelektrikoa baino garestiagoak diren beste energiekin hornitzeko merkatua. %126 garestitu zuen ordukoan argindarra eta 107 milioi euroko kalteak eragin zituen –96,7 milioi erabiltzaileek ordaindu behar izan zituzten, eta gainerakoa merkaturatzaileek–.

Defentsak esan du "lehorteak" eraginda itxi zituztela presa horiek, baina urtegietan pilatutako ura 2011 eta 2012an baino gehiago zela agerian jarri da epaiketan eta argudio hori funts gabetzat jo du akusazioak.

Hala ere, fiskalak hasiera batean 84,9 milioi euroko isuna eskatzen bazuen ere, azkenean 5,4 milioi eurora jaitsi du bere eskaria, Zigor Kodeko  aldaketa bat irakurri gabe zuela azaldu du jaitsiera hori arrazoitzeko.

Iberdrola Generacion filialaz gain, bere orduko lau zuzendari ari dira epaitzen pasa den urritik ona. Horientzat bi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak.

Iberdrolak urteko lehen bederatzi hilabeteetan inoizko irabazi handienak izan ditu aurten: 3.637 milioi euro.