Antonio Romeral Espainiako ustelkeriaren aurkako fiskalak salatu du Iberdrolak 20 milioiko “irabazi bidegabeak” eskuratzeko plan bat egin zuela 2013ko neguan, hotzaldi baten erdian argindarraren prezioa gehiegi igoz.
Auzia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen esku jarri du Romeralek El País egunkariak argitaratu duenez, eta epaile horren aginduari segiz, Guardia Zibila Iberdrolaren Bilboko egoitzan sartu da ostegun goizean, ustezko iruzurrari buruzko dokumentazio bila.
Iberdrolak Madrilen duen egoitza ere erregistratu du Guardia Zibilak.
25 milioi euroko isuna 2013an
Romeralen iritziz, Iberdrolak “merkatuaren eta kontsumitzaileen aurkako delitua” egin du, Espainiako Zigor Kodearen 281. artikulua urratuz.
Ikerketa berri honen aurretik ere auzi arantzatsua izan da Iberdrolarentzat, 2013an bertan Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordeak enpresa elektrikoari 25 milioi euroko isuna jarri baitizion, prezioen manipulazioa frogatutzat jo ondoren.