argia.eus
INPRIMATU
Iberdrolarekin zituen kontratuak bertan behera utzi ditu Zalduondok
  • Zalduondoko Udalak orain arte hornidura elektrikorako Iberdrolarekin sinatuta zituen kontratuak bertan behera utzi ditu.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko martxoaren 14a
Energiaren alorrean beste hainbat neurri ere hartuko ditu Zalduondoko Udalak, Iberdrolarekin mozteko erabakia iragartzean azaldu duenez (argazkia: Arabako Alea).

Udaletik azaldu dutenez, bi helburu ditu: batetik fakturan aurreztea eta, bestetik, eredu berde eta jasangarrirantz aurrerapausoak ematea.

Energia arloan Udalak hartu duen neurri bat baino ez dela aipatu du ohar batean. "Era berean, egungo argien ordez kontsumo baxuko lanparak jartzeko laguntzak eskatu ditu eta eremu pribatuan dauden lanpara publikoak antzemateko azterketa bat egin da".

Kontratuaren aldaketari esker, urtean 2.400 euro aurreztuko dituela azaldu du Zalduondoko Udalak, hau da, %15.

“Modu jasangarrian ekoiztutako energia berriztagarria %100 izatea dugu helburu baina oraindik proiektua garatzeko denbora beharko dugu. Bitartean, gure ustez, ezin genuen Iberdrolarekin lanean jarraitu segurtasunaren gainetik etekin ekonomikoak lehenesten dituelako eta Garoñako zentral nuklearra berriz zabaldu nahi duelako”, azaldu du herriko alkateak, Gustavo Fernandez Villatek.

[Albiste honen jatorrizko bertsioa Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]