argia.eus
INPRIMATU
Arabako Mendiak Aske
“Iberdrolak Euskal Herriko birikak diren baso autoktonoez jabetu nahi du bere negozioak zabaltzeko”
  • Arabako Mendiak Aske taldeak abenduaren 28an egin duen agerraldian salatu du "zentral eolikoen tramitazioa gure lurraldean kudeatzeko modu ilegala, ez-legitimoa eta bidegabea". Honela jarraitu du, Gasteizko Mendietako eta Labrazako zentral eolikoei buruz: "Ramiro González Ahaldun Nagusiak ez dio inolako oztoporik jarri Iberdrolari. Izan ere, Iberdrolak, Aixeindar enpresa medio (partehartze publikoa duena), Euskal Herriko birikak diren gure lurraldeko baso autoktonoez jabetu nahi du bere negozioak zabaltzeko". Bukatzeko, mezu hau zabaldu dute: "Bizitzaren aldeko apustua egiten dugu, erabakiak deszentralizatzearen aldekoa, natura eta landa inguruneko biodibertsitatea kontserbatzearen aldekoa eta tokiko proiektuen aldekoa; sorkuntza sakabanatua oinarri duten proiektuak, negozioa handitzea oinarri ez dutenak. Berriztagarriak bai, baina horrela ez".

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 30

Arabako Mendiak Askek oroitarazi du alegazioak aurkezteko epea zabalik dagoela Gasteizko Mendietako eta Labrazako proiektuan: "Komunikabideetan jakinarazi dute zentral horiek eraikitzeko baimena badagoela, nahiz eta oraindik alegazioak aurkezteko epea amaitu gabe eta ebatzi gabe egon. Ergeltzat hartzen gaituzte! Ez dugu onartuko!".

Proiektuak bioaniztasunean ekarriko dituen kalteak

Ingurumen baimena eman dioten arren, proiektuak kalteak ekarriko dituela nabarmendu du Arabako Mendiak Askek: "Onartzen dute kalteak latzak eta oso larriak izango direla faunarentzat, bereziki hegazti harrapari oso babestuentzat, hala nola arrano errealarentzat, Bonelli arranoarentzat, miru errealarentzat, ugatzarentzat eta sai arrearentzat. Gainera, aerosorgailuen instalazio eremua kritikotzat jotzen da sai zuriarentzat, 10km baino gutxiagoko distantziara habia bat dagoelako; are gertuago daude mirotz zuriaren, arrano galtzadaren, gabiraiaren eta aztorearen habiak.

Hegazti migratzaileen igarobide garrantzitsua dela onartzen dute. Saguzarrei, landarediaren eta floraren lehentasunezko interes komunitarioko habitatei eta baso autoktonoei ere eragiten die; izan ere, duten inpaktu maila handia dela-eta, konpentsazio neurriak hartu beharko lirateke, eragindako eremuaren bikoitza landatu eta berreskuratu beharko delarik. Baso heldu bat beste leku batean sortu ahal izango balitz bezala, behin jatorrizkoa suntsitu ondoren".

Ramiro González Ahaldun Nagusiaren dimisioa eskatu du Arabako Mendiak Askek: "Proiektu horiek ez dituzte inola ere betetzen lurraldearen kontserbazioaren inguruan ezarri diren aginduak. Ahaldun Nagusiaren presioa erabakigarria izan da Ingurumen Saileko foru-teknikariek txosten hori kaleratu zezaten. Gaiaren larritasuna eta suposatzen duen espoliazio naturala kontuan hartuta, Ramiro Gonzálezen dimisioa eskatzen dugu, eta Gasteizko eta Labrazako mendietako zentral eolikoak geldiaraztea eskatzen dugu".

Kontzejuak plan hauen aurka

Plan hauen eraginpean dauden kontzejuak aurka agertu direla oroitarazi du Arabako Mendiak Askek: "Oso larria da Arabako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak kontzejuen esanak ez kontuan hartzea. Herrietan bizi garenak ez gaituzte aintzat hartzen, gure erabakiak ezkutatzen dituzte eta zapaldu egiten gaituzte. Ez dugu onartuko!".

"Berriztagarriak bai, baina horrela ez" mezuarekin bukatu dute agerraldia Arabako Mendiak Aske taldekoek eta urtarrilaren 14rako elkarretaratzea deitu dute (18:00etan Gasteizko Probintzia plazan): "Bizitzaren aldeko apustua egiten dugu, erabakiak deszentralizatzearen aldekoa, natura eta landa inguruneko biodibertsitatea kontserbatzearen aldekoa eta tokiko proiektuen aldekoa; sorkuntza sakabanatua oinarri duten proiektuak, negozioa handitzea oinarri ez dutenak".