argia.eus
INPRIMATU
2027an ixten hasi behar diren zentral nuklearrak mantentzeko eskatu diote Iberdrolak eta Endesak Espainiako Gobernuari
  • Espainiako Estatuko zentral nuklearrak itxi ez daitezen aktoreen presioak gora jarraitzen du. Otsailaren 12an Espainiako Kongresuak itxi beharreko zentral nuklearrak ez ixteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta orain berdin egin dute Endesak eta Iberdrolak.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko otsailaren 28a
CSN

Zazpi zentral nuklear daude martxan Espainiako Estatuan. Horiek kudeatzen dituzten konpainia elektrikoek eta Espainiako Gobernuak 2019an adostu zuten 2027 eta 2035 artean apurka itxiko zituztela zentralak.

Orain, aldiz, Endesak eta Iberdrolak zentralak ez ixteko eskatu dute eta haietatik sortutako energia elektrikoa hobeto ordaintzea ere bai, bestela zentralak ez direlako errentagarriak. Europan ere berdintsu gertatzen ari dela diote konpainia horiek, eta garrantzitsua dela bermatzea sare elektrikoa 24 orduz izango dela ongi hornitua, besteak beste energia asko kontsumitzen duten datu zentroak gero eta ugariagoak direlako eta horiek 24 orduko etenbako hornidura behar dutelako.

Gaur egungo zentralen itxiera egutegia honakoa da: Almaraz I (Cáceres), 2027; Almaraz II, 2028; Ascó I (Tarragona), 2030; Cofrentes (Valentzia), 2030; Ascó II, 2032; Vandellós II (Tarragona), 2035; Trillo, 2035.

Espainiako Kongresuak ere, PPren ekimenez, zentralak ez ixteko eskatu zion Pedro Sánchezen gobernuari, eta eskaerak aurrera egin zuen Junts-en eta ERCren abstentzioarekin. Azken hilabeteetan Espainiako Foro Nuklearra presio handia egiten ari da zentralak itxi ez daitezen aurreikusi bezala.

Itxiera hori lotuta dago 2023an onartu zen Hondakin Nuklearraren Zazpigarren Kudeaketa Planarekin. Onartu zenean, nuklearraren aurkako estatuko mugimenduak bere poza agertu zuen, ordura arteko gobernu desberdinek behin eta berriz atzeratu zutelako hondakin nuklearren gai arantzatsua.

Gaur egun, nagusiki, zentral bakoitzak bere hondakinez arduratu behar du, baina badago plan bat lur azpian 500 metrora biltegi erraldoi bat egiteko, hori bai, ez da aurreikusten 2073a baino lehenago prest izango denik eta, gainera, oraindik ez dago argi proiektu horren kostua.

Hain zuzen ere, kostua da mugimendu antinuklearraren kezka handietako bat. Behin eta berriro salatzen du konpainia elektrikoak sortutako energiaren kudeaketaz eta irabaziez arduratzen direla, baina etorkizunera begira gobernua izango dela hondakinez arduratu beharko dena eta, beraz, aurrekontu publikoen bidez, herritarrek ordaindu beharko dutela haien kostua.

Energia fosilen eskasia potentzialak eta trantsizio energetikoak energia nuklearra bultzatzen ari dira mundu osoan. Esaten ez dena da, besteak beste, egungo zentral nuklearrek uranioa behar dutela eta mineral hori ere gero eta eskasagoa dela. Hainbat adituren arabera, uranioa 2016an iritsi zen bere ustiaketaren gorenera eta handik aurrera gero eta gutxiago ekoizten da. Ondorioz, AEBk eta Errusiak desegindako arma nuklearren uranioa ere erabiltzen ari dira zentral nuklearrak.

Ohi moduan, energia nuklearraren aldekoek diote –Foro Nuklearrak, adibidez– gaur egun uranio nahiko dagoela datozen 120 urteetarako; eta badira hori oso oso zalantzan jartzen dutenak, besteak beste Antonio Turielek Petrocalipsis liburuan.

Konpainien irabazi itzelak

Iberdrolak jakinarazi du 2024an 5.612 milioi euro garbi irabazi zituela, 2023an baino %17 gehiago. Konpainiaren esanetan, emaitza horiek lotuta daude urte horretan egindako inbertsioekin, 11.000 euro, inoizko handienak. Endesak ere aurkeztu ditu iazko bere irabaziak: 1.888 milioi euro, 2023an baino %154 gehiago.