Ezbeharra gertatu zaie bai Euskadi Next asmoari -Eusko Jaurlaritzak Europako diru-funts berriak eskuratzeko abiarazitako proiektu multzoari- eta bai EAEren etorkizuneko ekonomian garrantzia handia eduki behar omen duen Hidrogenoaren Klusterrari: orain jakin da Iberdrola eta Ingeteam konpainiek Bizkaian ez baina Espainiako Guadalajaran eraikiko dutela Iberlyzer fabrika berria, elektrolizagailuak ekoizteko 50 milioiko inbertsioa ekarri eta 350 lanpostu berri sortuko dituena.
Zalaparta mediatikoa Azpeitiako Corrugadosen balizko irekiera frustratuarekin laketzen zen bitartean, Euskal Autonomia Elkartearen biziberritze ekonomikoarentzako itxaropenik beroenak piztu dituen hidrogenoaren ekonomiak kolpe gogorra nozitu du: Iberlyzer proiektua bere sustatzaile Ibredrola energia multinazionalak eta Ingeteam ingeniaritzak ez dute Bizkaian eraikiko, Espainiako Guadalajaran baizik. Covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko Europar Batasunak antolatu dituen diru-laguntza oparoetara Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next paketean aurkezten zituen proiektuetako bat zen.
Oraindik duela bi hilabete, martxoaren 21ean, bere proiektu izarretakotzat aipatzen zuen energiaren alorrean EAEn agintzen duten konpainia handiek, Hidrogenoaren Klusterrean biltzen direnek. Basque Energy Cluster Hydrogen Sector Forum delakoak bildu zuen EAEn norbait den edonor, elite ekonomiko osoa: Petronor, Iberdrola, Sener, Nortegas, EVE, Aclima, Siemens, EHU, Mondragon Unibertsitatea... Ebentoaren lerroburuetan irakur daiteke oraindik: "The recent session focussed on advances in several leading Basque initiatives in the hydrogen sector, including the Basque Hydrogen Corridor, headed by PETRONOR, IBERDROLA’s IBERLYZER initiative and hydrogen strategy, and the BENORTH2 project currently underway at the Amorebieta combined-cycle plant, presented by SENER and NORTEGAS". Hots, hidrogenoaren alorrean EAEn ari ziren inizitiabek aurrerapenak eginak zituztela, tartean Iberdrolaren Iberlyzer iniziatiba eta hidrogeno estrategian. Azken hau haizeak ez, Gaztela Mancha komunitateak eraman du 60 egun beranduago.
Duela hilabete, gaur EITBk gogorarazi duenez, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren sailburuak aitortu zuen euskal erakundeak euren esku zegoen guztia egiten ari zirela lantegia EAEn eraiki zedin. Horretarako, lurzoru egokia eta elkartean parte hartzeko tresnak bilatzen ari ziren, tartean "Bizkaiko Aldundiaren tresna fiskalak". Izan ere, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolaren presidenteak Ezkerraldean kokatzeko prestutasuna agertu zuen, baina "beste lurralde batzuk baztertu gabe". Antza denez, Jaurlaritzak eta Bizkaiak jarritako erraztasun horiek guztiak gutxitxo izan dira Iberdrolarentzako.
Orain jakin dugunez, Iberdrolak Iberlyzerrekin egin nahi duena Guadalajaran egingo du: elektrolizagailuak. Elektrolizagailuak dira hidrogeno berdea prezioz lehiakorra izatearen gakoa eta Europar Batasunak interes berezia dauka horien garapenean. Fabrika hori egiteko Bizkaian 50 milioi euro inbertitzea zegoen aurreikusita eta bertan 350 lanpostu berri sortzea. Iberdrolak, bitartean, ez bakarrik kokagune alternatiboa baino sozio alternatiboa ere bilatu ditu eta Guadalajaran eraikiko den fabrikaren bazkide nagusia AEBetako Cummins izanen da. Mundu osoan 58.000 langile dauzka Cummins energia multinazionalak eta 2020an ia 20.000 milioi dolarreko negozioa mugitu zuen