argia.eus
INPRIMATU
Iberdrolak ia mila milioi euro banatuko ditu dibidendutan, etekinen errekorra gaindituta
  • Konpainia elektrikoak iaz baino %29 gehiago irabazi du urteko lehen bederatzi hilabetetan eta 890 milioi euro emango dizkie akziodunei dibidenduetan. Aurreikuspenen arabera 4.200 milioi euroko etekinak izango ditu 2022an, Osakidetzaren datorren urteko aurrekontua baino gehiago.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko urriaren 26a
Ignacio Sánchez Galán Iberdrolako presidentea, atzean panel fotovoltaikoak dituela. Berriztagarriei loturiko makro-azpiegituren ekoizpena hazi da gehien konpainiaren negozioan (argazkia: Iberdrola)

Krisi energetikoaren ondorioz argindarraren prezioek gora egin dutenean, Iberdrolak, Bilbon egoitza soziala duen konpainia elektriko multinazionalak 3.014 milioi euro irabazi ditu jadanik aurten, iaz baino %29 gehiago, eta hainbat hedabidek azaldu dutenez urte amaierarako 4.200 milioi eurotik gorakoak izan daitezke etekinak, konpainiak aurreikusitakoarekin bat eginez.

Iberdrolak bere errekorra ondu du horrela, eta jasoko dituen etekinak Osakidetzaren datorren urteko aurrekontua baino gehiago izango dira (3.565 milioi). Gainera, Ignacio Sánchez Galánek zuzentzen duen konpainiak 890 milioi euro banatuko dizkie bere akziodunei dibidendutan, aurreko urtean baino %56 gehiago. Iberdrolako akziodun nagusi dira hainbat inbertsio funts, hala nola: Qatar Holding, BlackRock edo Norges Bank.

Irabazien aurreikuspen horren barruan Espainiako Gobernuak energia sektoreari jarriko dion zerga dago sartuta. Hain justu, Espainiako Estatuan etekinen hazkundea ez da orokorrean bezain bestekoa izan eta %14 gutxitu da –ebazpen judizial batengatik, besteak beste–. Zentzu horretan, Galanek ohartarazi du auzitegietara joko dutela zerga hori kentzeko, poltsikoratuko dituzten etekinak are handiagoak izan daitezen.

Nolahai ere, Iberdrolak mundu osoan ditu negozioak eta aurten ia 7.600 milioi euro bideratu ditu hainbat proiektutara, batez ere "berriztagarrietara". Iberdrolarenak diren zentral fotovoltaiko eta eolikoen ekoizpena %13 hazi da 2022an.