Urteko lehen hiruhilekoan Iberdrolak iaz baino %40 gehiago irabazi du. Irabazien gehiengoa Espainiako Estatuan eta Britania Handiko negozioetatik lortu du.
Iberdrolak 1.485 milioi euroko irabazi garbia izan du urteko lehen hiruhilekoan, hau da, %40ko igoera, batez ere Espainiako Estatuan eta Britainia Handian etekinak handitu dituelako, konpainiak berak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) bidalitako informazioan azaltzen duenez.
Ustiapenaren emaitza gordinak (Ebitda) %37,7 egin du gora urtarriletik martxora bitartean, eta 4.064 milioi eurora iritsi da, “batez ere, Erresuma Batuan araututako tarifaren defizita berreskuratzeagatik, Europako Batasuneko herrialdeetan produkzioa normalizatzeagatik, aurreko urtean baino prezio baxuagoan energia erosketa txikiagoak egiteagatik eta energia berriztagarrien hazkundeagatik".
Konpainiaren inbertsioak 10.400 milioi eurokoak izan dira 2023ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berean baino %9 gehiago. Salmenta zifrak ere gora egin dute lehen hiruhilekoan, 15.460 milioi euroraino: 2022ko aldi berean, berriz, 12.150 euroko salmentak izan zituen.