argia.eus
INPRIMATU
Iberdrola salatu dute Europan energiarekin negozioa egiteko Zamorako urtegi nagusia husteagatik
  • Ricobayoko urtegi inguruko 19 alkatek gutun bana helarazi diete Virginijus Sinkevius Europar Batasuneko ingurumen komisarioari eta Frans Timmermans Europako Itun Berdeko komisarioari. Energia elektrikoaren prezioa igotzearekin batera urtegia masiboki hustu du Iberdrolak, energia sortzeko. Herritar eta alkateak kexu dira, turismoari, ingurumenari eta landa lurren ureztatzeari eragiten diolako “lehorte faltsuak”, besteak beste. Caceresko Valdecañas urtegian beste horrenbeste gertatu da.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 13a
Argazkia: zamora24horas.com

Alkateek Ricobayo urtegiaren “huste neurrigabea” salatu dute gutunean, El Salto-k jakinarazi duenez, "lurraldearen eta haren habitat osoaren degradazio bortitza eraginez, eta paisaiaren eta ekonomiaren ikuspegitik konpontzen oso zailak diren kalteekin". Zuzen mintzo dira Iberdrolaren aurka, gauza bat esan eta kontrakoa egiteagatik: “Iritzi publikoaren aurrean naturarekiko eta ingurumenarekiko errespetu eta konpromiso printzipio korporatibo batzuk bistaratzen dituen enpresa baten balio etiko eta moral gabezia jakinarazi nahi dizugu. Enpresaren jardunbideak erakutsi nahi duen errealitate horretatik oso urrun daude", azaldu diete alkateek Europar Batasuneko arduradunei.

Negozioa gora, ur maila behera

Iberdrolak da Gaztela-Leongo urtegietako energia ustiatzaile nagusia. Ricobayon egin duen berbera egin du Caceres probintziako Veldepeñas urtegian ere. Ekainaren 1ean tarifikazio elektrikoa aldatu zenetik faktura elektrikoa nabarmen garestitu da, eta orduan hasi zen Iberdrola bi urtegiak inoiz ikusi gabeko erritmoan husten. Dueroko Konfederazio Hidrografikoak emandako datu ofizalen arabera, urtegiaren ur kopurua edukieraren %95etik %13ra pasa da ekainaren 1a eta abuztuaren 11 artean. “Inoiz ez dugu urtegia horren hutsik ikusi”, adierazi dio Belvis de Monroy herriko alkate Marcos Pascasiok El Periodico de Extremadura egunkariari, “lehorte faltsua” aipatuta.

 

 

Iberdrolarekin haserre

Urtegien inguruko herrietan haserrea handia eta orokortua da. Alkateen gutuna ez da zantzu bakarra. Sare sozialetan eta Gaztela-Leongo komunikabideetan kritika ugari jasotzen ari da Iberdrola. PPren ordezkari politikoek ere egin dute publikoki euskal multinazionalaren aurka. Esaterako, Naiz-ek jaso duenez, Zamorako Diputazioko bigarren lehendakariorde eta Turismoko eta Lurralde Sustapeneko ordezkari Jesús María Pradak gutuna bidali dio Iberdrolako lehendakari Ignacio Sánchez Galáni. “Ez dio inolako atxikimendurik bere aberastasunen zati bat sortzeko balio dion lurraldeari (...) Iberdrolak ez zuen inoiz hain modu sektario eta usureroan jokatu, urtegiak husten bere kontuak betetzeko”.