argia.eus
INPRIMATU
Iberdrola eta Endesak lortu dute deuseztatzea “%100 energia berriztagarria” eskatzen zuen lehiaketa publikoa Gasteizen
  • Energia guztiz berriztagarria izatea zehazten zen lehiaketako klausula ezabatzera behartu du Gasteizko Udala EAE-ko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak, Iberdrola eta Endesa lizitaziora aurkeztu ahal izateko.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 27a
Iberdrola eta Endesaren aldeko epaia zehazten duen txostena. Argazkia: Ser Irratia

Hiriko autobus sarearen arduradun den TUVISA udal-elkarteak abiatu zuen lehiaketa publikoa. Oraingoz behintzat Iberdrola eta Endesak multinazional elektrikoek bertan behera uztea lortu dute, Ser irratiak jakinarazi duenez.

TUVISA-ren instalakuntzetan hornidura elektrikoa kontratatzeko helburua zuen eta 311.750 eurotan estimatutako lehiaketa publikoak, “%100 energia berriztagarria” izatearen baldintza zehazten zuen.

Iberdrola eta Endesak lehiaketaren aurka jarri zuten errekurtsoen ostean, EAE-ko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak klausula hori ezabatu eta lizitazioa atzera botatzeko agindua eman du. Txostenean adierazi dutenez, “lehiaketa askearen eta tratamendu parekidearen printzipioen aurka doan baldintza da”.

Multinazional elektrikoek kontsideratu dute, baldintza hori beraiek lehiaketatik “kanpo” uzteko finkatu dela eta energia berriztagarrien A lizentzia duten enpresek komertzializatzeko energia kantitate “oso txikia” dutela.

Horri erantzunez, tamaina txiki, ertain eta handiko 76 enpresak ezarritako baldintzak betetzen dituztela adierazi du TUVISA-k. EAE-ko Kontratuen Errekurtsoen Administrazio Organoak harturiko erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkezteko aukera du orain.