argia.eus
INPRIMATU
Iberdrola epaitzen ari dira, argindarraren prezioa puztea egotzita
  • Krisi ekonomiko betean, 2013an Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu eta artifizialki igo zuela ondorioztatua du Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak, eta horren erruz kontsumitzaileek 96,7 milioi euro gehiago ordaindu behar izan zituztela. Konpainiaren aurkako epaiketa martxan da; 84,9 milioi euro eta zuzendaritzako lau kiderentzako bi urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 18a
Facuak 107,5 milioi euroko isuna eskatu du, eta hiru urteko kartzela zigorra zuzendaritzako lau kideentzat. Argazkia: juantiagues / Flickr

Merkatuaren eta kontsumitzaileen aurkako delitua leporatuta, zortzi saio iraungo dituen epaiketa hasi da astearte honetan, Iberdrolaren aurka. 2013ko gertakariak epaitzen dira: Iberdrola Generacionek (Iberdrolaren filialak) hainbat urtegi itxi zituen azaroaren 29tik abenduaren 23ra bitartean, eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren arabera hori egin zuen energia hidroelektrikoa merkeagoa delako eta energia garestiagoengatik ordezkatu zuelako.

Kalte ekonomikoak, kontsumitzaileen bizkar

Iberdrolak egindakoaren ondorioz, merkatuko prezioak igo egin ziren eta %126 garestitu zen argindarra. 107 milioi euroko kalteak eragin zituen, horietatik 96,7 milioi euro kontsumitzaileek ordaindu zituzten eta gainerakoa argindar merkaturatzaileek.

Konpainiarentzat 84,9 milioi euroko isuna (2013 hartan lortu zituen mozkinen %3,3a) eta zuzendaritzako lau kiderentzat bi urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak. Lauek ardura postuetan jarraitzen dute Iberdrolan: Angel Chiarri, Gregorio Relaño, José Luis Rapún eta Javier Paradinas.

Facua kontsumitzaileen elkartea eta hainbat aseguru-etxe herri akusazio gisa aurkeztu dira. Facuak 107,5 milioi euroko isuna eskatu du, eta hiru urteko kartzela zigorra zuzendaritzako lau kideentzat.

Iberdrolak dio lehorte aurreikuspena izan zela egun horietan urtegiak ixteko eta zentral hidroelektrikoen produkzioa bertan behera uzteko arrazoia. Epaiketa abiatuta, deklaratu duten zuzendaritzako kideek ukatu egin dute leporatutakoa eta argindarraren prezioa merkatuaren joerengatik igo zela justifikatu dute.