argia.eus
INPRIMATU
Ibarrolaren ‘Guernica Gernikara’ obra Bilboko Arte Ederren museora eramango dute
  • Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 300.000 euro ordaindu dituzte lana Madrildik Euskal Herrira ekartzeko. Ekainean, José de la Mano galeristak eraman zuen Madrilgo Arco erakusketara.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 12a
Guernica Gernikara mihisea. Argazkia: Agustinibarrola.com

Ibarrolaren Guernica Gernikara obra Bilboko Arte Ederren museora eramango dute. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 300.000 euro oraindu dituzte artelanagatik. Erosketagatik, 1973 eta 1979 bitartean Ibarrolak egindako beste bi pintura dohaintzan jaso dituzte erakundeek. José de la Mano galeristari erosi diote mihisea, Madrilgo Arco azokan. 

Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak obrak duen nabarmentasuna azpimarratu nahi izan du: “Gure museoarekin duen loturaz gain, obra oso garrantzitsua da Trantsizioan Euskadiko eta Estatuko historia politiko eta kulturala aitortzeko, Agustin Ibarrola bezalako artista konprometitu baten begiradaren bitartez”.

Gametxo - Madril - Bilbo

Guernica Gernikara mihisea Ibarrolaren Gametxoko baserrian egon izan da gordeta, hogei urte baino gehiagoz. Ekainaren amaiera aldera, José de la Mano galerista eta historialariak eraman zuen Madrilgo Arco erakusketara. Murala aldarrikapen gisa egin zuen Ibarrolak 1977an, oraindik ere Reina Sofía museoan dagoen Picassoren Guernica artelana Euskal Herrira ekar zezaten eskatzeko.