argia.eus
INPRIMATU
Ibarretxe Plana eta Loiolako akordioa berriz mahai gainera
  • Ez da hutsetik hasiko estatus politiko berriari buruzko eztabaida: EH Bilduk Ibarretxe Planaren hitzaurrea eta Loiolako akordioaren edukiak jarriko ditu berriz mahai gainean, ostegunean EAJrekin egingo duen bileran.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko abenduaren 04a
Ibarretxe eta Urkullu artxiboko argazki batean (argazkia: AFP).

Sortu, EA, Alternatiba eta Aralar alderdietako kideek Donostian adierazi dutenez, EAJk bultzatu nahi duen estatus politiko berriari buruzko eztabaidan parte hartzeko prest agertu dira. 2006an EAJ, Batasuna eta PSE-EEren arteko Loiolako negoziazioetan adostutako edukiak eta 2004an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Estatutu Politiko Berria (“Ibarretxe Plana” izenez ezagunagoa) jarriko ditu EH Bilduk estatus berriaren eztabaidarako abiapuntu gisa.

Bi indar abertzale nagusien arteko bilerari itxaron gabe, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak gogorarazi dio EH Bilduri, ezker abertzalea izan zela Ibarretxe Plana “galbideratu” zuena eta Loiolako akordioei ezetz esan ziena, ondorioz “ETAren su-etena bukatzea ekarriz”.

Ezker abertzaleko legebiltzarkideen erdiek bozkatu zuten Ibarretxe Planaren alde 2004ko abenduaren 30ean onartu zenean; beste erdiek kontrako botoa eman zuten. Espainiako Diputatuen Kongresuak atzera bota zuen 2005eko otsailaren 1ean, PPren, PSOEren, IUren, CCren eta CHAren botoekin.

Informazio gehiago:

- Juan Jose Ibarretxe lehendakari zenean bultzatutako Estatutu Politiko Berrirako proposamena osorik irakur daiteke Eusko Legebiltzarraren webgunean.

- Loiolako bake elkarrizketei buruz Loiolako hegiak liburua idatzi zuen Imanol Murua Berriako kazetariak. Lan horri buruzko elkarrizketa argitaratu genuen ARGIAren 2.222. zenbakian: "Solaskideek elkarrekiko konfiantza handia izan zuten".