argia.eus
INPRIMATU
Ibaietako mikroplastikoak ikertzen: nola iristen diren plastikoak itsasoetara
  • Tara Fundazioko zientzialariak Europako hamar ibai ikertzen ari dira, mikroplastikoen jarioaren nolakotasunak ezagutzeko. Ibaiek hiri handien aurretik eta ondoren daramaten mikroplastikoen kopurua aztertuko dute, hauek ingurumenean eragiten duten talka nolakoa den jakiteko.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 19a
Mikroplastikoak

“Itsasoan ikusten ez ditugun gauzak ikusten dira ibaietan, plastikozko mikroesferak” dio Jean-François Ghiglione espedizioaren burua den ikerlariak. Ibaiz ibai eta ozeanoz ozeano arroz-ale bat baino txikiagoak diren plastikoen existentzia baieztatu du zientzialari-talde honek. Plastiko hauek, hein handi batean, kosmetikoetatik datozela esan du Ghiglionek.

Plastikoaren arazoa larria da. Urtero zortzi milioi tonak amaitzen dute itsasoan, horietatik 600.000 tona Europan. Lehen plastikoak itsasoan degradatzen zirela uste zen, olatu eta eguzki izpien eraginez. Baina tesi hau aspaldi gezurtatu zen, plastikoek ehundaka urte irauten dutela frogatu baitzen. Espedizioaren helburua mikroplastiko hauek “nondik datozen” jakitea dela azpimarratu du Ghiglionek.

Ikerketan zulo txikiko sareekin pasako dira hiri nagusien aurretik eta ondoren, urak duen mikroplastikoen kopurua zenbatekoa den jakiteko. Laborategian, 1 eta 5 milimetro arteko plastiko hauek erditik zatituko dituzte, eta mota ezberdinak sailkatuko dituzte, ondoren nondik datozen jakiteko.