Aurrez aurreko bisita baten ostean konfinatu dutela eta konfinamenduaren baldintzak salatzeko hasi du protesta. Joan den larunbatetik daukate konfinatuta, ostiralera arte. Jakinarazi dutenez, ordura arte egongo da gose greban.
Errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko Tinko antolakundeak jakinarazi duenez, Ibai Aginaga Berangoko preso politikoak gose grebari ekin dio. Joan den larunbatean Basauriko kartzelan izandako aurrez aurreko ikustaldiaren ostean beste bi presorekin batera konfinatu zuten Aginaga, COVID-19aren aitzakiapean.
Konfinamendua eta konfinamenduaren baldintzak salatzeko hasi du gose greba Aginagak. Izan ere, salatu duenez, konfinatuta daukaten ziegan ez dago berogailurik eta hotza pasatzen ari dira. Gainera, egunean 15 minutuz soilik atera daitezke patiora eta gainontzeko denbora guztia ziegan itxita pasa behar dute.
Tinkok nabarmendu du bi aste baino gutxiago pasa direla Martutene, Zaballa eta Basauriko kartzelen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa bilakatu dela, eta azpimarratu du indarrean dauden protokoloen arabera intzidentzia metatuaren tasa 100etik beherakoa denean aurrez aurrekoak egin ostean ez lituzkete presoak konfinatu beharko.