argia.eus
INPRIMATU
Askatasun politikoen aurkako erasoak gaitzetsi dituzte UIBk eta IAk Ibaetako campusean
ARGIA @argia 2022ko otsailaren 10a

"Ia urtebete igaro da EHUk aspaldiko errepresio bortitzenarekin zigortu gintuela lan politikoa egiteagatik", azaldu dute UIBk eta IAk. "Sarri aipatu dugun moduan, pasa den kurtsoan antolatzeko behar beharrezkoa den eta ebatsi ziguten espazio baten alde borrokatzeagatik EHUk errepresio polizialez erantzun zuen. Honek argi erakusten du Errektoreordetzak ez duela benetako negoziazio mahai bat eratzeko inolako konpromiso errealik. COVID-19aren aitzakiapean kendu ziguten bilerak egiteko, eta orohar, lan politikoa egiteko erabiltzen genuen azpiegitura".

Gogorarazi dute ehunka euroko isunak jaso dituztela hainbat kidek; 20.000 eurokoa orotara. "Hori gutxi balitz, askatasun politikoarekiko urraketak etengabegoak dira: mobilizaziora dei egiten zuten kartelak apurtzera bidali dituzte segurtasun-langileak eta aurreko astean, ertzaintza unibertsitatera sartu zen inpunitate osoz".

"Errepresio politikoa eta askatasun politikoen etengabeko urraketa hauek" unibertsitatearen "elitizazio prozesuaren" baitan kokatu dituzte. "Honetan sakontzera datoz bai LOSU zein bizikidetza lege berria deritzon erreformak. Horregatik martxoaren 24ko ikasle grebara batzeko deia ere luzatu nahiko genuke".