argia.eus
INPRIMATU
Iaz bezala, izotzak berriz ere azkarki kaltetu ditu Irulegiko mahastiak
  • Izotzak desmasia handiak eragin ditu berriz ere Ipar Euskal Herrian. Irulegiko mahastien erdia baino gehiago kalteturik atera da iragan astetik.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 07a

Irulegiko Sotoa kooperatibako presidente Olivier Martinek eman dio errealitatearen berri Kazeta.eus komunikabideari: "Katastrofikoa da. (...)  Batzuek uste dute uztaren %90 galdu dutela. Iazkoa baino askoz bortitzagoa da". Lehen kalkuluen arabera, mahastien erdia baino gehiago erre du izotzak. Iazko martxoan jadanik pairatu behar izan zituzten izotzak eragindako galerak.

Iragan astean hotz handiak egin zituen Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoan. Irulegiko mahastiaren gisara, baliteke Itsasuko gerezia ere azkarki kaltetu izana –ondoko asteetan agertuko da hotzaren eragina–. Baratzezainek ere haien kezka plazaratu dute, guneka landareen parte bat izotzak errerik dutelako.

20 milioi euro, kalteak estaltzeko

Jean Castex Lehen ministroak 20 milioi euro bideratuko dizkie kalteturiko laborariei. Apirilaren 5ean eman du erabakiaren berri, etxalde batean bisita egiten ari zela. Horrez gain, kalteei aurre egiteko dispositiboa martxan jarriko du Frantziako Gobernuak, eta laborariek ordaindu beharreko kotizazio sozialen ordainketa ere bere gain hartuko du.