argia.eus
INPRIMATU
Iaz 58 langile hil ziren Euskal Herrian
  • LAB sindikatuak egiten duen kontaketaren arabera, sei egunetik behin langile bat hil zen iaz Euskal Herrian. Osalanen eta Nafarroako Gobernuaren estatistiken arabera, urtarriletik azarora guztira 46.451 lan istripu izan ziren iaz Hego Euskal Herrian.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 03a
2023ko martxoan sindikatuek deitutako elkarretaratzea. // Argazkia: LAB

Euskal Herrian izandako lan-istripuetan 58 pertsona hil ziren iaz, LAB sindikatuak emandako datuen arabera. Zehazki, hamasei Gipuzkoan, hamaikana Nafarroan eta Araban, bederatzi Bizkaian, bost Lapurdin eta sei Euskal Herritik kanpo lanean ari zirela.

Eusko Jaurlaritzako Osalanek eta Nafarroako Gobernuak lan istripuen inguruko estatistikak argitaratu dituzte, ElDiario.es hedabideak jaso duenez. 2022ko datuekin alderatuta, EAEn 46.451 lan istripu izan ziren 2023ko urtarriletik azarora bitartean, horietatik 38 istripu hilgarri eta 225 istripu larri zenbatu zituzten. baja eragin zuten istripuak %1,2 igo ziren arren −aurreko urtean baino 412 gehiago−, istripu larri eta mortalen kopurua gutxitu egin zen.

Nafarroako datuak jaso ditu Noticias de Navarrak, eta bertan, ordea, 2022ko datuekin alderatuta, jaitsi egin zen baja eragin duten istripuen kopurua, eta 182 gutxiago izan dira. Zehazki, 28 istripu larri gutxiago, eta 3 mortal gutxiago urtarriletik azarora bitartean.

Istripu arinek gora egin zuten EAEn. 29.768 izan ziren 2023an, 2022an baino 271 gehiago. Bestalde, lanera bidean edo lanetik bueltan gertatutako istripuak 3.667 izan ziren guztira: lau istripu mortal eta 23 istripu larri. 2022ko heriotza kopuru bera izan zen, eta istripu larriak zortzi gutxiago izan ziren EAEn. Hala ere, istripu arinak 129 gehiago izan ziren.

Istripuen intzidentziari dagokionez, sektoreka, eraikuntza izan zen tasarik handiena duen sektorea, eta ondoren industria, nekazaritza eta zerbitzuak. Nafarroan, ordea, industriaren sektorea izan zen nagusi.

Datu kontrajarriak

Sarritan, Osalanen datu ofizialak eta sindikatuek aurkeztutako estatistikak ez datoz bat. Horrek agerian uzten du arazo esanguratsua dela lan-eremuko istripu hilgarriak eta lanbide-gaixotasunak identifikatzea eta aitortzea, ElDiario.es-ek jaso duenez. Sindikatuek salatu dutenez, lan istripuetatik baztertzen dira arrazoi ez-traumatikoek eragindako istripu hilgarriak, hala nola bihotzekoak edo iktusak. LAB sindikatuak adierazi du gauza bera gertatzen dela langile batek lantokian bere buruaz beste egiten duenean.

Bestalde, Osalanek azpimarratu du kontuan hartu beharrekoak direla urte batzuk beranduago diagnostikatzen diren gaixotasun profesionalak. Nabarmendu dute horren adierazgarri direla, esate baterako, lan-inguruneetan amiantoarekin kontaktuan egotearen ondoriozko minbizi-kasuak. “Ebaluazio zehatzagoa” egin behar dela adierazi dute.