argia.eus
INPRIMATU
Ia langabetuen erdia prestaziorik gabe dago Hego Euskal Herrian
  • Langabeziak Hego Euskal Herrian marka berria gainditu du 2013ko otsailean, Garak argitaratuduenez. Lau herrialdeetan guztira 234.530 langabetu daude dagoeneko, Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza ministerioak publiko egin dituen datuen arabera. Horietatik, gainera, 104.257 lagunek (langabetuen %44,45ak alegia) ez du prestaziorik jasotzen.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 06a
Langabetuak ilaran (argazkia: eitb.com)

Langabezia gehiago hazi da Hego Euskal Herrian (%1,58ko igoera urtarriletik, urteko %11), Espainiako Estatuko batez bestekoa baino (%1,19ko igoera urtarriletik, urteko %6,96). Igoerarik handiena Araban eman da (+%1,87), hurrena Nafarroan (+%1,67), ondoren Gipuzkoan (+%1,51) eta azkenik Bizkaian (+%1,49).

Ez da ezberdintasun handirik egon sexuari dagokionez, nahiz emakume langabetuek oraindik gehiago izaten jarraitzen duten: %50,64 dira emakumezkoak, eta gizonezkoak, %49,36. Langabeziak gora egin duen bitartean, gainera, Gizarte Segurantzako bazkideen kopuruak %4 behera egin du azken urtean.

Egoeraren larritasunak protestara batzeko deialdia egitera eraman ditu Euskal Herriko hainbat enpresetako batzordeak. Manifestazioak izango dira larunbat honetan, Martxoak 9, Iruñean eta Bilbon, batzordeetako kide batzuek atzoko prentsaurrekoan esan zutenez. Enpresetako langileen ordezkariez gain, hainbat udaletako langile batzorde eta zenbait talde sozial ere batuko dira: Antikapitalistak, Askapena, Bilgune Feminista, AHT Gelditu Elkarlana, Ekologistak martxan edota Kaleratzeak Stop Bizkaia, besteak beste.