argia.eus
INPRIMATU
Ia erabiltzaileen erdiek positibo eman ondoren, hainbat langileren proben emaitzen zain daude Barrikako Elorduy egoitzan
  • Barikutik zapaturako gauean jakin zen beste patologia batzuengatik ospitaleratuta zeuden Barrikako Elorduy zahar-egoitzako hiru erabiltzailek positibo eman zutela koronabirusa atzemateko probetan. Egoitzako erabiltzaile eta langileei probak egin dizkiete, eta denera 33 positibo izan dira, horietako lau langileenak. Hala ere, oraindino beharginen erdien emaitzak falta direla azaldu digu Fernando Ibarra Elorduy Fundazioko kudeatzaileak.

Hiruka .eus 2020ko abuztuaren 24a
Koronabirusa duten erabiltzaile denak solairu berean kokatu dituzte (Argazkia: HODEI TORRES)

Ibarraren esanetan, positibo gehienak asintomatiko daude: "Sintomak izan dituzten lau egoiliar joan dira ospitalera, eta une honetan haien egoera egonkorra da, konplikaziorik gabekoa". Probetan birusa atzeman zaien lau langileak etxean daude, eta egoiliarrei dagokienez, solairu berean elkartu dituzte positibo denak. "Ezin dira solairu horretatik irten eta COVIDaren aurkako protokoloak ezarri dira; gainerakoan, ohiko jarduerak egiten segitzen dute", azaldu du Ibarrak. Hori bai, bisitak egoitza osoko erabiltzaileentzat (69 dira denera) etenda daude, behin-behinean.

Egoitzako arduradun nagusiak zehaztu duenez, hala ere, positibo emandako hiru egoiliar Birjinetxeko zentrora bidali dituzte, arreta espezializatuagoa eman diezaieten. "Gaitasun kognitiboak mugatuta dituzte, hara-hona ibili ohi dira, eta nekez ulertzen dute koronabirusa dutela eta momentuz ezin direla irten dauden solairutik". Edozelan, hiru kasu horiek ere asintomatikoak direla adierazi du kudeatzaileak.

Ibarraren esanetan, osasun-arduradun batek ere ez zion egoitzari jakinarazi aurrez ospitalean zeuden hiru egoiliarrek positibo eman zutela. Senideen bitartez jakin izan dute. Bestalde, harridura agertu du oraindino lantaldearen erdia kutsatuta ore dagoen ez dakitelako, proben emaitzarik ez baitiete eman. "Lanez gainezka daudela diote". Bitartean ahalik eta normaltasunik handienaz lanean jarraitzen dute, langileren batek sintomak agertzen ote dituen arretaz behatuz. Oraingoz denak daude asintomatiko, positibo eman ondoren etxean bakartu dituztenak barne.