argia.eus
INPRIMATU
Ia aurrerapenik ez Bonneko klimaren negoziazioetan
  • Azken uneko ezustekorik ezean, amaitzear dagoen klima aldaketari buruzko Bonneko bilerak ez du aurrerapauso handirik ekarriko.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko irailaren 04a
Aurreikusita dauden COP21en hiru prestakuntza saioetako bigarrena izan da irailekoa. (Arg.: AP)

Mendebaldeko Alemaniako hiriburu ohian egin beharreko hiru saioetako bigarrena da bukatzear den hau. Ekainean egin zuten lehenengoa, eta hirugarrena urriaren 19tik 23rako iragarri du NBEk. Estatuetako ordezkariei azken aukera hori baino ez zaie geratuko, abenduan Parisen egingo den COP21 klimaren goi-bilerarako ahalik eta testurik osotuena prestatzeko.

Gogoan hartu behar da Parisko gailurretik aterako dela Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen klimari buruzko nazioarteko akordioa, haren epeak dagoeneko agortuak baitira.

COP21en eztabaidatuko den testua adostea da Bonneko bileren helburua. Ahalik eta gai gehienei buruzko adostasuna lortu nahi da aldez aurretik, gailurrak iraungo dituen bi asteak amaigabeko negoziazioetan ez galtzeko. Alabaina, orain arte lortu dena hutsaren hurrengotzat jo dute behatzaile ugarik, baita negoziazioetan parte hartzen ari diren herrialde askotako ordezkariek ere.

Beroketa bi gradutik gorakoa ez izatea xede

Talde ekologisten esanetan, oraingoz adostuta dagoena ez da inolaz ere abiapuntu egokiena bi gradutik gorako beroketa globala eragozteko. Hori da aurreko bileretan ezarritako langa, gaia aztertzen diharduten zientzialarien gomendioei men eginez. Alta, ahots batzuen ustez zuhurragoa litzateke beroketaren muga 1,5 gradutan jartzea.

Aldiz, egoera irauli ezean lau edo bost graduko beroketara iritsi gintezke mende amaieran, eta horrek hondamendi handia ekarriko luke.

Bonnen adostea gehien kostatzen ari den proposamenetako bat da herrialdeen konpromisoak bost urtero berritzea, ordura arte lortutakoaren eta zientzialariek klimaren bilakabideaz behatzen dutenaren arabera. Proposamenaren sustatzaile nagusia Europar Batasuna da, baina aurka ditu gainerako kutsatzaile handi gehienak: AEB, Errusia, Txina, Japonia, Hego Korea, Kanada…

Zenbait herrialderen jarreraz gain, oso kritikatua izan da enpresa handi (eta kutsatzaile) askok negoziazioetan duten presentzia eta eragina.