Nafarroan herritarren segurtasunerako 1/1992 lege organikoa hausteagatik 147 espediente daude irekita eta isun guztien batura 49.508 eurokoa da.
2012an eta 2013an egindako manifestazioengatik jarritako isunen inguruko informazioa argitaratu du ElDiario.es agerkariak. Espainiako Estatuan guztira 3.249 espediente zigortzaile daude, Moncloak autonomia erkidegoetan dituen Gobernu Ordezkaritzen bidez tramitatuak.
Txosten horiek eskatzen dituzten zigor ekonomikoak guztira 587.432 euroraino iristen dira, 3.200 pertsonaren artean ordaindu beharrekoak. EAEko eta Kataluniako daturik ez dago horien artean, mota honetako isunak jartzeko konpetentzia erkidegoen esku dagoelako.
Herritarren Segurtasunerako Legea = Isun garestiagoak
Espainiako Gobernuak indarrean jarri nahi duen Herritarren Segurtasunerako Lege berriak are neurri zorrotzagoak ezarri nahi ditu. Ekintza zigorgarriak ugaritzeaz gain, multen zenbatekoa ere nabarmen garestituko da: egun arau-hauste arinengatik 300-900 euroko ordaina eskatzen dute eta arau urraketa larriek 6.000 eurorainoko zigorra ekar dezakete. Lege berriarekin, berriz, ordaindu beharrekoa 600.000 euroraino iritsi daiteke.
Sare sozialen bidez kongresuan baimenik gabeko manifestaldia deitzeak, adibidez, milioi erdi euro baina gehiagoko multa ekar dezake; manifestazio batean polizia bat iraintzeak, berriz, 30.000 euroko zigorra.