argia.eus
INPRIMATU
Ia beste 30 urteko atzerapenarekin jarriko litzateke martxan AHT, Europako Batasuneko Kontu Auzitegiaren arabera
  • Europar Batasuneko Kontu Auzitegiak astearte honetan ohartarazi duenez, Espainiako Estatuak "gutxienez hogei urtez" itsas eta lurreko bideen menpe jarraituko du merkantzien mugaz gaindiko garraiorako, Europako trenbide sarearen oinarrizko interkonexioen garapenean izandako atzerapen eta gainkostuengatik. Tartean dago EAEko Abiadura Handiko Trena eta hau Frantziako Estatuko trenbide lasterrekin lotzea. Auditoreek uste dute hiru hamarkadako atzerapena izango duela.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 17a
AHT eraikitzeko lanak Beasainen (Gipuzkoa).

"Frantziako aldearen konexioa 2037 baino lehen planifikatu gabe egongo dela kontuan hartuta, 'Euskal Y'-a bere gaitasun osoarekin martxan jartzeko gutxienez 29 urteko atzerapena izango da", azaldu du prentsaurreko batean Oscar Hericsek, Europar Batasuneko (EB) Kontu Auzitegiaren txostenaren egileetako batek. Txosten horretan, Europako sareko zortzi "megaproiektu" ebaluatzeko konpromisoa hartu zuten EBko kide diren 27 estatuek, izan ere, trenbide sare lasterra 2030erako prest egoteko konpromisoa hartua zuten.

EBko adituek "Euskal Y-a" 2030ean amaituta egotea espero dute, baina Espainiako abiadura handiko gainerako sarearekin duen lotura denbora berdinean prest egotea "ez da oso litekeena", besteak beste Burgos-Gasteiz konexio-zatiak azterketa-fasean jarraitzen duelako.

Eusko Jaurlaritzak AHT martxan jartzeko emandako daten aldean atzerapen handia litzateke hori: joan den urteko apirilean, Donostiako Tabakaleran egindako ekitali publiko batean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak iragarri zuen 2024ko urtarrilean egongo zela martxan azpiegitura. Aurtengo urtarrilean harago joan zen, EAEko hiru hiriburuak lotuko lituzkeen treneko txartelen prezioa aurreratu baitzuen "Basque Railway" jardunaldian.

Agerraldi berean esan zuenez, "obrari buruz hitz egiten uzteko" ordua zen. EBko Kontu Auzitegiko txostenak, ordea, berriz ere fokua jarri du hondartuta geratu dela diruditen eraikuntza lanetan.

Arazoak beste hainbat zatitan ere

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak ez dira txostenean identifikatutako arazo bakarrak kontinenteko gainerako herrialdeekiko loturetan, izan ere, txostenak arazo operatiboak deskribatzen ditu ekialdeko Pirinioetako zeharbidean, Perpinya eta Figueres artean, promotoreak porrot egin duelako eta tren-kopurua aurreikusitakoa baino txikiagoa delako. Halaber, bidaiarien bolumenean eta trafikoan aurreikuspenik ez dagoela ohartarazi dute, eta kritikatu dute estatu-administrazioek eta erakunde autonomikoek ez dituztela aintzat hartu proiektuaren jasangarritasunari buruz hainbatek agertutako zalantzak aintzat ez hartzea.

Europako adituentzat, halaber, "gertagaitza" da aztertutako gainerako proiektu europarrek egutegia betetzea. Eta kritikatu dituzte mugaz gaindiko proiektuak aurrera ateratzeko herrialde bazkideen arteko koordinazio txarra –estatu bakoitzak bere proiektua lehenetsi du– eta Europako Batzordearen eraginkortasun eza, erakunde honek ardurapean baitago gauzatu beharreko proiektuen gaineko kontrola.

%39ko gainkostua EAEko AHT zatian

EAEko AHTaren arazoez gain, astearte honetan aurkeztutako txostenak beste zazpi proiektu aztertu ditu 13 estatu kidetan –Frantzia, Alemania, Italia, Errumania, Finlandia eta Polonia–. Guztira, 54.000 milioi euroko inbertsioa egin dute, eta horietatik 7.500 Europar Batasuneko diru-kutxatik atera dira.

Aztertutako zortzi "megaproiektu"-etan gastatutako diruen baturak %47 igo du hasieran aurreikusitako aurrekontua, hau da, 17.300 milioi euroko gainkostua guztira. "Euskal Y"-aren eta Frantziako Estaturarako igarobidearen kasuan, orain arte %39koa izan da, hasieran aurreikusitakoari 1.825 milioi euro gehitu behar izan baitizkio.

Europako adituen ustez, Europako Batzordeak "zorrotzago" jokatu behar zuen estatu kideek proiektuak garatzeko ezarritako epeak betetzen zituztela ziurtatzeko. Euskal Y-aren atzerapen handia da, auditoreen ustez Bruselak "argi eta garbi" esku hartu beharko lukeen kasuetako bat.