Apirileko datuak atera berri, 13.507 lagunek galdu dute lana hilabete horretan. Are beherakada handiagoa jasan du kotizazio kopuruak, 23.000 kotizatzaile galdu baititu.
Koronabirusaren krisia hasi zenetik 28.000 lanpostu eta 31.000 kotizatzaile galdu dira Hego Euskal Herrian, EAEko Lanbideren eta Nafarroako Lansareren datuen arabera. Historian eman diren daturik txarrenak dira. Eta aldi baterako enplegu erregulazio espedienteei esker ez dute zifrek beherakada handiagorik jasan, izan ere, apirilaren 30ean 187.737 langile zeuden Hego Euskal Herrian egoera horretan.
Herrialdeka, hilabete batetik bestera langabe gehien batu dituena Bizkaia izan da: 78.061 langabe batu ditu, martxoan baino 5.393 gehiago, eta iazko apirilean baino 11.772 gehiago. Hau da, %7,42ko gorakada izan du apirilean martxoarekin alderatua.
Proportzio handiena, ordea, Arabak izan du: 23.403 langabe ditu, 1.955 bakarrik apirilean, eta iazko apirilean baino 4.290 gehiago. Apirilean %9,12ko gorakada izan du langabe kopuruak, Hego Euskal Herriko altuena.
Gipuzkoan 37.179 langabe daude, horietatik 3.082 apirilean gehitutakoak (+%9.04); iazko apirilean baino 6.937 gehiago. Nafarroak 40.442 langabeetatik 3.077 (+%8,23) apirilean izan dira, iaz baino 7.861 gehiago.
Langabezia gehien pairatu dutenen artean emakumeak dira nagusi –98.784 emakume daude langabezian eta 80.301 gizon– eta sektoreka zerbitzuenak jasan du kolperik handiena.
Langabeziaren gorakadarekin etorri da, baita ere, kontratu berrien beherakada: 39.651 kontratu berri sinatu dira Hego Euskal Herrian apirilean, martxoan baino 41.249 gutxiago eta iazko datuak baino 54.790 gutxiago.