Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.
Ospakizuneko solasaldia eitb.eus-eko aktualitate arduradun Oihane Mateosek gidatu du, eta Puntueus domeinuaren hainbat arduradunek hartu dute parte. Iñaki Goirizelaia lehendakariak orain hamar urteko apustua gogoratu du: “Ezin zen esan euskal Internet bat zegoenik, egin behar genuen. Interneten ez geneukan tokirik eta euskal nortasunak Interneten behar zuen tokia izan behar zuela erabaki genuen”. Hartutako erabakiaz pozik agertu da EHUko errektore ohia: “Orain argi dugu erabaki hori hartu behar genuela. Bestela, nolakoa litzateke Internet, gaur egun, Puntueus gabe?”.
Puntueuseko zuzendari Josu Waliñok balantzea egin du. “Puntueusen ia 15.000 gara. Urtez urte gero eta gehiago gara”, ziurtatu du, eta domeinuak eragin handia duela defendatu du: “2023an egin dugun azken neurketak erakusten du Euskal Herriko Interneten dauden webguneen %15ek hitz egiten duela euskaraz Puntueus diren webguneen %70 euskaraz dagoelako. Beraz, Internetek duen aniztasun horretan euskarak eta euskal komunitateak berariazko tokia irabazi dute”.
Urte osoko ospakizuna
Puntueusek urte osoko ospakizuna abiatu du hamargarren urteurrena baliatuta. Lorea Arakistain domeinuko marketin zuzendariak eman ditu zehaztasunak. Batetik, 2024 urte osoan hainbat ekimen antolatuko dituzte. Bestetik, abenduak 31 bitarte .eus domeinuak erregistratu ahal dira ohikoa baino prezio baxuagoan, hamar eurotan, 10 urte betetzen ditugula? Domeinuak 10 €-an, eta puntu (eus) kanpainaren barnean.