argia.eus
INPRIMATU
Komunitatea ehunduz... feminismotik
  • Komunitateak ehunduz herri ekimenetatik. Hori zuen izenburu EHUko Udako Eskolen barnean ekainaren 17an eta 18an egin zen ikastaroak. Euskal Herriko Unibertsitateko NOR, Parte Hartuz eta AFIT Antropologia Feministako Ikerketa Taldeek 2018 osoa pasa dute ekimen herritar askotarikoen egiteko moduak ikertzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EHUren arteko hitzarmen baten laguntzaz. Bi egunotan, emaitzak aletu zituzten ikerketa taldeetako eta herri mugimendu horietako hainbat kidek. Gipuzkoa izan dute aztergai, baina hausnarketetako asko Euskal Herri osorako izan daitezke baliagarriak. Ezin guztia jaso, baina saiatuko gara bederen gako nagusiak laburbiltzen. Idatzi honetan, feminismoaren mahaian esandakoak jasoko ditugu.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko ekainaren 26a

Ondorio orokorrak aurreko elkarrizketa batean jaso genituen, Mari Luz Esteban eta Maria Ruiz Torrado irakasleekin. Oraingoan, ikertutako arlo bakoitzean nabarmendutako ideiak jorratuko ditugu artikulu banatan feminismotik hasita. Lau dira alorrak: feminismoa eta genero berdintasuna; euskalgintza; ekologismoa; eta migratuen aldeko eta arrazakeriaren aurkako borrokak. Hainbat herri mugimenduetako kideei eginiko elkarrizketa luzeak eta ekimenen behaketa zuzenak izan dira ikerketarako iturri nagusia.

Elkarlana eta aniztasuna bide, feminismoa eragile eta eredu

Ikerketaren emaitzak EHUko irakasle Miren Guilló Arakistainek eman zituen. Feminismoak gora egin du nabarmen azken urteetan, eta horrek herri mugimendu askotan zeharlerro bilakatu du, Guillóren esanetan: “Herri mugimenduan akuilu eta elikagai”. Esparru ekoalternatiboan da hori ikusgarrien, haren esanetan.

Ikerketa nagusiki emakumeen etxeen prozesuetan zentratu dute: “Feminismoaren aldarrikapen historikoa, espazio propioen aldarrikapenari lotua”. Erreminta hauek harrera ona izaten dute instituzioen aldetik, egun “politikoki zuzenaren barruan” daudelako maila batean. Aldarrikapen feministek harago jotzean, ordea, eredu neoliberala zalantzan jartzean esaterako, “mugak agertzen dira”. Emakumeen etxeen prozesuek ekarpenak egin dituzte. Kudeaketa eredu hibridoak ahalbidetu dituzte, mugimendu feminista autonomoen eta erakundeen artekoak. Aldi berean, erakundeekiko harreman hori kezka iturri da: nola bermatu autonomia, nola jarraikortasuna, gobernu aldaketen gainetik? Aniztasun dezente erakartzen dute hainbatetan, baina instituzioekiko hurbiltasunagatik gazteak “uxatzeko” arriskua ere badago.

Espazio fisikoaren antolaketa eztabaida askoren iturburu izaten da, ertz askodun eztabaidak. “Sukaldearen metafora” baliatu zuen Guillók hori azaltzeko. Emakumeen etxe baten prozesu parte hartzailean, atzerrian jaiotako emakume batzuek sukaldea eta haurtzaindegia jartzeko proposamena egin zuten. Sozializaziorako espazioak dira haientzat. Militantzia feministetatik zetozen emakume heldu batzuengan erresistentzia handia piztu zuen proposamenak: sukaldera eta haurren zaintzara bueltatu? Emakume gazteen artean, askok ez zuten ulertzen gaiak hainbesteko garrantzirik hartzea. Horren atzean, espazio fisiko berarekiko kultur ikuspegi, ikuspegi feminista eta belaunaldien arteko ikuspegi desberdinak ikus zitezkeen; baina, erabakiak kontsentsu bitartez hartu zituzten, gatazkak kudeatzeko eskarmentuaren erakusle. Hargatik metafora.

Aniztasuna oinarrizko kezka izaten da emakumeen etxeetan, ikerketaren arabera. Baina aniztasunaz hitz egitean migrazioetan eta jatorrietan zentratzen da begirada, bestelako aniztasun aldagaiak ahaztuz edo bazterrerago utziz: klasea, ideologia edo hizkuntza kasu.

Bost erronka nabarmendu zituen Guillók: ekimenetan pertsona gehiago inplikatzea; aniztasunean jardutea guztien interesak eta desberdintasunak aintzat hartuz; eztabaida sustatzea adostasunetara iristeko gaitasunarekin; gazteak erakartzea; eta erakundeak mugiaraztearen eta autonomia mantentzearen arteko oreka egokiak lortzea.

 

 

Miren Guilló eta Miren Aranguren, mintzaldiaren une batean.

 

 

Borrokaren praktikan ikasitakoak

Euskal Herriko Bilgune Feministako Emagin ikerketa eta dokumentazio zentroko Miren Aranguren Etxartek hartu zuen hitza jarraian. Urteetako borrokaren zenbait irakaspen kolektibo aletu zituen militante feministak. 1980ko hamarkadan subjektu politikoaren inguruko eztabaidak erdigunea hartu zuela gogoratu zuen. “Emakumea singularrean” aldarrikatu bai, baina horren barnean aniztasuna dela nagusi onartu zen orduan. Aniztasunaren kudeaketa mugimendu feministaren ekarpenetako bat litzateke hain zuzen ere, Arangurenen irudiko. Feminista beltzak eredu, Bilgunek zapalkuntza hirukoitzaren printzipioa bere egin zuen; klasea, generoa, nazioa. Gerora hori motz geratu zitzaien, eta zapalkuntza anizkoitzez hitz egiten hasi ziren, intersekzionalitateaz. Ohartarazpena egin zuen Arangurenek hemen: intersekzionalitatea ez da uneoro, nonahi eta aldi berean zapalkuntza guztiak aipatu eta borrokatzea; nork bereak konpartitu, besteenak entzun eta jaso, eta partekatze horretatik borroka komunak sortzea da.

Hiru gako zerrendatu zituen amaiera aldera Emagineko kideak. Ezjakintasuna onartuz, beste batzuengana hurbildu eta entzutea funtsezkoa dela defendatu zuen. Aurretiko feministengana eta beste jatorri eta munduko bazterretakoengana, besteak beste. Ezjakintasun horrekin lotuta, umiltasunez jokatzearen garrantzia azpimarratu zuen ere. Azkenik, praktikatik jaiotako ezagutzaren alde egin zuen.

Praktika horren barnean, aniztasunari dedikatu zion tarte berezia Arangurenek: “Aniztasuna ez da berez gertatzen den zerbait, landu egiten da. Polita baina zaila da. Ez da une jakin bateko argazkia, prozesu bat da”. Hori ahalbidetzeko zenbait estrategia posible mahai gaineratu zituen. Deszentratzea litzateke bat. Nor bere agendak, moduak eta erreferentziak erdigunetik kentzeko prest izatea, “gurea baztertu gabe” aldi berean. Norberarenak ez diren zapalkuntzak barnebiltzea garrantzitsua da, eta horretarako “gure espazioetan nor ez dagoen” galdetzea interesgarria da.

Aniztasunaren bilaketa horretan hizkuntzaren gaiak zalantza eta eztabaida asko eragin ditu feminismoan historikoki, Bilgunek apustu euskaltzalea egin zuen aspaldi, eta horrek feminismoa euskaldundu izana ekarpen esanguratsutzat seinalatu zuen Arangurenek. Argi horren itzala une batzuetan sortu dituen mugak lirateke. “Zabaltzeko” euskaratik mugitzean, gainera, kontraesan berri batean erori da maiz: hizkuntza hegemonikoetara jotzea, bestelako hizkuntza txikiak edo minorizatuak baztertuz. Elkar ezagutza oinarri, aliantza politikoak afektibitatea landuz ehuntzea defendatu zuen. Euskal herritar bezala ditugun zor historikoak aitortuz beti ere: ijitoak eta kolonizatutako herrialdeak nabarmendu zituen zentzu horretan, Elkanori egiten ari zaizkion omenaldi eta gorazarreak salatuz.