Otsailaren 2tik 4ra bitarteko asteburuan I. Genero eta Energia Topaketak egin dira Bilbon. Espainiar Estatuko 150 emakume* aritu gara, besteak beste, energiaren mundua gizon bakar batzuen eskutan egoteak dakartzan ondorioez, trantsizio energetikoa feminismotik eraikitzeaz eta arlo honetan emakumeok egiten dugun lana ikustarazteaz eztabaidatzen.
Inor ez da harrituko energiaren sektorea erabat maskulinizatua dagoen beste botere esfera bat dela entzuteaz. Energia enpresak gizonezkoek zuzentzen dituzte eta energia politikak ere eurek egiten dituzte. Espainiar Estatua ez da salbuespena, han ere energia gizon gutxi batzuen esku baitago: Borja Prado (Endesa), Ignacio Sánchez-Galán (Iberdrola), Isidro Fainé (Gas Natural), Antonio Brufau (Repsol)... Emakumezkoek enpresa horietako zuzendaritza postuen %20 baino gutxiago betetzen dituzte. Politikaren arloan aipatzekoa da, Espainiako Gobernuak onartu berri duen Trantsizio Energetikoaren Legearen baitan, hurrengo 30 urteetarako ekintza plana eraikiko duten adituen batzordea: 14 gizon eta emakume bakar bat ere ez. Hausnarketa horiekin eman zien hasiera otsailaren 2an Alba del Campok (Cadiz-eko Trantsizio Energetikoko Mahaia) Topaketei. Bere esanetan, “energiak, esku gutxi batzuen esku dagoenean, dirua eta boterea sortzen ditu”, emakumeak erabat kanpo uzten dituen boterea, alegia.
Eredu energetikoaren ondorioak ezberdinak dira gizon eta emakumeengan
Badago, ordea, energiaren munduan feminizaturik dagoen sektore bat: pobrezia energetikoa. Izan ere, gizon edo emakumeek ezberdin pairatzen ditugu eredu energetikoaren ondorioak. Tradizionalki etxearen ekonomia eta zaintza egokitu zaizkigun honetan, emakumezkoak izan gara energia (egurra, ikatza,...) biltzearen arduradunak. Egungo gizarte modernoan, sexuen arabera bereizitako datuak eskuratzea zaila den arren, Gizarte Zerbitzuetara diru-laguntza edo aholkularitza eske doan gehienak emakumezkoak dira (migratzaileak, alargunak, etxeko lanen sektorean dihardutenak eta ama bakarreko familiak, batik bat), Irene Gonzálezek (Mugarik Gabeko Ingeniaritza) aurkezturiko “Genero ezberdintasuna eta pobrezia energetikoa” txostenean jaso bezala.
Emakumeen lana ikustarazteko beharra
Hala ere, asko gara energiaren inguruko hainbat arlotan (herri mugimendu, elkarte, kooperatiba energetiko eta ikerketa zientifikoan) lanean ari garenak. Hau ikustarazten lan bikaina egin zuen María Caminos ingeniariak, eguzki energiaren arloan berak zein bere inguruko beste bost emakumek buruturiko ikerketen berri emanez. Gainera, Topaketen helburuetako bat, emakume adituen datu basea osatzea izan da. Otsailaren 2an aurkeztu zuten emakume adituetako batzuek datu basea, aurrerantzean osatzen jarraituko dena.
Eredu aldaketa burutzeko proposamen ekofeministak
Bizitzaren aurka doan eredu honen aurrean, guk geuk gobernatu beharreko trantsizio energetiko feminista eta justuago baten premia izan da Topaketak zeharkatu dituen gaia. Mónica Guiterasek (Xarxa per la sobirania energètica) ondo baino hobeto laburbildu zituen helburua lortzeko proposamenak: bizitza eta zaintza erdigunean kokatzea, elkarrekiko eta naturarekiko dugun menpekotasuna aitortzea eta baita pairatzen ditugun zapalkuntza anitzez ohartzea ere.
Horren guztiaren gainetik, saretzea izan da Topaketen helburu nagusia. Horretan aritu gara asteburuan, tailer, aurkezpen, kontzertu, espazio formal eta informal artean, izena eman genuen 150 emakumeok*. Antolatzaileek ere espero ez zuten arrakastak argi eta garbi adierazten du gai hau mahaigaineratzeko eta elkarrekin lantzen hasteko genuen beharra.