Bi urtez atzeratu ostean, aurten egingo da I. Antropologia Feminista Kongresua. Euskal Herriko zein nazioarteko adituek parte hartuko dute hiru eguneko egitarau oparoan. Gutxienez 340 pertsonaren parte hartzea espero da.
Bi urtez atzeratu behar izan badute ere, azkenean badu data I. Antropologia Feminista Kongresuak. Ekainaren 8, 9 eta 10ean egingo da Donostiako EHUren campusean, HEFA Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Kongresua EHUko AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldearen eta Ankulegi Euskal Antropologia Elkartearen elkarlanaren emaitza da, eta nazioarte mailakoa izango da; Euskal Herriko adituez gain, Mexikotik, Herrialde Katalanetatik, Brasiletik edota Herbehereetatik etorritako pertsonak ere eseriko dira mahi bueltan.
“Diziplina barruko zein kanpoko ezagutza eta errealitatea aldatzea” da ekimenaren helburu nagusienatarikoa. Nahiz eta antolatzaileek jakin badakiten horretarako “ezarritakoari aurre egin” behar zaiola eta “deserosotasuna apustu kontzeptual, pertsonal eta politikoa bihurtu” behar dela. Hortik goiburua: Ezagutza eraldatuz, deserosotasuna biziz.
Aipatutakoarekin batera, helburu gehiago ere badituzte kongresuaren antolatzaileek: “Antropologia feministak diziplinari egi(te)n dizkion ekarpenak eta gaur egun dituen eztabaida eta erronka nagusiak aztertzea, bai teorikoki eta bai metodologikoki”; “bai Euskal Herrian eta bai nazioarte mailan garatzen ari diren ikerketa lerroak eta horiek zehazterakoan eragina duten faktoreak aztertzea”; eta “antropologia feminista eta feminismoaren eta, oro har, gizartearen arteko harremanak berrikustea”.
Helburu horiek betetzeari begira antolatu dute kongresua, eta bi formatuko ekimenak osatuko dute: mahai inguruek eta panelek. Mahai inguruak kongresuko partaide guztien osoko bilkurak izango dira, panelak ez bezala. Azken horiek gai zehatz baten bueltako bilkurak dira, eta kongresuan izena eman dutenek horien artean hautatu beharko dute, aldi berean gauzatuko direlako. Panelak osatzeko 255 komunikazio jaso dituzte antolatzaileek, eta 195 izango dira aurkeztuko direnak, hamasei paneletan banaturik. Osasunetik hasita eta justizia feministaraino, hainbat dira landuko diren gaiak. Interesa duenak, AFIT-en web-orrian kontsulta ditzake guztiak.
Mahai inguruei dagokienez, bost egingo dira: Unibertsitatea, ezagutza eta prekarietatea: biziraupen zaila; Antropologia feminista eta generokoa: genealogia komun baten ibilbide anitzak; Eztabaida eta erronka teorikoak; Prozesu etnografikoak eta ekarpen metodologikoak eta Antropologia feminista; feminismoa eta jendartea: eztabaidak eta harremanak. Horietan ere Euskal Herriko zein nazioarteko adituek parte hartuko dute, antropologia feministaren alorreko han eta hemengo ikerketak zein ekarpen teorikoak jasotzeko asmoz.
Panel eta mahai inguruak alde batera, bestelako ekimenik ere badute esku artean antolatzaileek, antropologia feministan Espainiako Estatuko aitzindariak izan diren antropologoekin antolatutako ekitaldia kasu. Horrez gain, egitarauan triki-bertso-poteoa eta jaia ere badaude iragarrita.
COVID-19aren ondorioz atzeratu behar izan diren egitasmoen zerrendaren parte da I. Antropologia Feminista Kongresua ere. 2020ko ekainean egitea aurreikusten zuten antolatzaileek, baina pandemia egoera deklaratu ostean bertan behera utzi behar izan zituzten beren planak. Ordurako bi urte zeramatzaten kongresua antolatzen, 2018an ekin baitzieten antolakuntza lanei.
Hasiera batean kongresua urtebetez atzeratzea erabaki zuten, 2021ean gauzatu asmoz. Baina antolatzaileek argi zeukaten kongresua presentziala izatea nahi zutela, eta horretarako baldintzarik ez zegoenez, beste urtebetez itxarotea hobetsi zuten.
“Hala ere, ez genuen aukera galdu nahi bizitzen ari garen pandemiaz antropologia feministatik hitz egiteko, eta jardunaldi bat antolatu genuen 2021ko ekainaren 16an, San Telmo Museoan, Donostian”, azaldu dute. Hala antolatu zuten Antropologia, Feminismoa eta Pandemia jardunaldia.
Itxaronaldi luzearen ostean, abiatzeko prestu dago I. Antropologia Feminista Kongresua. Gutxienez 340 lagunek eman dute izena.