Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.
---------------------------------------------------------
Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea batzuek, beste batzuek soinu ekipoa prestatzen eta musika taldeetako kideei harrera egiten diharduten bitartean. Entsalada, barazki, kuskus eta beste, guztientzat nahikoa egongo ote denaren kezkak tripak pixkat estututa bada ere, soinu-probak bukatzerako prest dago mahaia. Atentzioa eta mimoa jarri dizkiogu behintzat. Eta afaria prestatuta gaztetxera sartzean, estutasunak gorantz egin dit urdailean. Ezarritako orduak jo duenean, kolektiboko kideak eta hiru taldeetako musikariak batuta ere, erdi-hutsik dago gaztetxea. Hutsuneak hutsune, gaudenak gara eta has gaitezen.
Urdaibai epizentro duen Aposapo talde berria izan da lehenengoa, eta bigarren abestirako baretu dira estutuak. Stoner musika eta atmosfera psikodelikoak nahastuta, 40 minutuko bidaia bat eskaini digu hirukoteak. Azaroan kaleratutako lehen EPa oinarri, riff astunak, abesti batetik besterako zubiak, kalitatea eta segurtasuna egon dira oholtzan. Haiek zuzenean ikusten nituen lehen aldia nuenez, sorpresa polit bat poltsikoan gordeta bukatu dut zuzenekoa.
Ostean Mäte taldekoek hardcore punka ekarri digute Zarauztik; abiadura eta garrasiak, alegia. Eskura dituzten baliabideak, irudimena eta haserrea izan dituzte lan-tresna zortzi abestiz osatutako maketa osatzeko. Eta abesti horiek jo dituzte, lau hilabetez entsegurik egin gabe egon direla ohartarazita ere, txukun eta zuzen. Bukatzerako askatu ditut tenkatutako gorputz-atalak.
Eta amaitzeko, Daño Dolorren zarata iluna. Noise musikak ohi duen eran, soinu musikalaren eta ez musikalaren arteko bereizketari hordagoa botata, zarata dute soinu eta praktika sortzailerako funtsezko alderdi. Cosmic Tentaclesen definizioan irakur litekeen gisan, “berehalakotasun mingarri hutsa” izan da zuzenekoa, ezinbestean dosi txikian hartu beharrekoa.
Gaua amaitzear, oraindik ia beteta zegoen kuskusaren lapikoa. Gaztetxean hutsuneak nonahi eta lapikoan hutsuneak falta. Pozik noa etxera, hala ere. Biak ala biak nahi duenak gozatzeko mimoz prestatuak izan baitira. Leku handiak erraz betetzen diren garaiotan, leku txikiak hutsunez beteta egon ohi direla, baina hutsuneak maite dituela esan zuen Esanezin taldeko abeslariak aurreko egunean herriko kulturgunean emandako kontzertuan. Hutsuneak ziren han ere nagusi. Guretzat kezka iturri dira hutsuneak sarri, taldeen ordaina haien araberakoa izateaz gain, herriko kultura musikalaren adierazgarri ere badirelako. Baina maite ditut, haatik. Handiak handiago, BECago, sold-out-ago, historikoago izan nahi duten garaiotan, guk txiki izaten jarraitu nahi baitugu. Txikiak txikiari, bazterrari eta mimoari egiten baitio leku, eta hutsuneak libreago den dantzari.