argia.eus
INPRIMATU
Hustu egin dute Iruñeko Etxebizitza Bloke Sozialista
  • Lau egunez sarbide-kontrola mantendu ostean, ostegun goizean hustu dute langile kontrolpeko blokea. Igandean eman zuen eraikinaren birjabetzearen berri Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Gedar @GedarLangileKZ 2023ko azaroaren 17a

Iruñeko (Nafarroa) Etxebizitza Bloke Sozialista hustu du ostegunean udaltzaingoak, Eulen enpresako langileek lagunduta. 11:00ak aldera hasi zituzten eraikina husteko lanak, eta goizean bertan gauzatu zuten desalojoa. Itxura denez, kautelazko neurri modura hustu dute blokea; baina inola ere ez da jakinarazi oraingoz zer argudio erabili dituzten horretarako, eta zertan oinarritu diren kautelazko neurri hori eskatzeko.

Iruñerriko Etxebizizitza Sindikatuak desalojoaren berri eman bezain pronto, hainbat eta hainbat pertsona bertaratu ziren Jarauta kalera, hustearen kontra protesta egiteko. Udaltzainez gain, Foruzaingoaren presentzia handia izan zen, eta Etxebizitza Bloke Sozialistaren aurrealdea erabat itxi zuten polizia-indarrek.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak joan den igande eguerdian eman zuen argitara langile kontrolpeko espazio berria: jakinarazi zuen hainbat familiak eta pertsonak eraikinera sartzeko hautua egin zutela, han bizi ahal izateko, eta hainbat egun zeramatzatela han bizitzen. Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresaren jabetzakoa da eraikina.

Legez kontrako praktikak

Igande eguerditik bertatik, bata bestearen atzetik, erabat legez kontrakoak diren praktikak ikusi dira udalaren eta Poliziaren partetik Etxebizitza Bloke Sozialistaren kontra: udaltzaingoak, eraikineko sarrera guztiz kontrolatuta eta itxita, setio egoera bat ezarri du blokean eta hainbat egunez euren etxeetan harrapatuta izan ditu bizilagunak; eta eraikineko hainbat etxetako sarrailak aldatu dituzte udaltzainek eta Eulenek, besteak beste.

Errepresioaren beldur eta Poliziak egindako presioagatik eta mehatxuengatik, hainbat lagunek utzi behar izan dituzte blokeko euren etxeak: asteazkenean, eraikinera sartu zen familietako batek alde egin behar izan zuen bere etxetik, jasandako mehatxuak tarteko.

Asteazken iluntzean, agerraldia egin zuen udaletxe aurrean Iruñeko Etxebizitza Sindikatuak, hainbat kolektiboren babesarekin. Manifestu baten bidez, Etxebizitza Bloke Sozialistaren hustea salatu zuten.