argia.eus
INPRIMATU
Hurrengora arte

Cira Crespo @maternalias 2024ko maiatzaren 27a
Argazkia: Thomasrost, CC BY-NC-SA 2.0.

Gauza gutxi gustatzen zaizkit idaztea baino gehiago. Oso gutxi. Horregatik kurtso honetan ARGIAn astero idazteko eman zidaten aukera oparia izan da niretzat. Urteak neraman testuak idazteko zerrenda txiki bat osatzen. Umea sentitzen naiz nire gai-zerrendari begiratzean, umeek dituzten altxor maletak bezalakoa iruditzen zaidalako. Zerrendan sartzen ditut, kutxa batean bezala, kaleetan, bideetan, irakurketetan aurkitzen ditudan harri politak, makilatxoak, kotxetxoak, salto egiten duten pilotatxoak, koloretako papertxoak, distira egiten dutenak... Horiek bezalakoak dira nire altxorrak, baina hitz formakoak, eta horregatik paperean idatzita eramaten ditut, edo mugikorreko oharretan, edo nire lantoki desordenatuko liburuen artean.

Ume bati bere altxorren maleta irekitzeko eskatzen diotenean bezala geratu nintzen ni ARGIAkoek astero idazteko proposamena luzatu zidatenean. Irribarre bat egin, eta maletatxoa ireki nuen, eta, pixkanaka, nire harritxoak, neurri ezberdineko makilatxoak... erakutsiz joan nintzen, eta horiei buruz nekizkien guztiak kontatu dizkizuet. Ez pentsa gero, halere, horiek guztiak gauza solte hutsak izan direnik; mundua nola ikusten dudan azaltzen saiatu naiz, adibideak eman nahi izan ditut, Historia nola egin nahi dudan partekatu. Hilabete hauetan esan nahi izan dizuet, batez ere, eta laburbilduz, nire aburuz Europako herri gutxituen historia egiteke dagoela, eta egin egin behar dugula, gure ikuspuntua ezinbestekoa baita mundu polit bat eraikitzeko. Eta, are gehiago, Gasteiz oso leku egokia dela ere adierazi nahi izan dut, koordenada ezin aproposagoak dituena gure eginkizun hau burutzeko.

Europako herri gutxituen historia egiteke dago, eta egin egin behar dugu, gure ikuspuntua ezinbestekoa baita mundu polit bat eraikitzeko

Baina orain bukatu ditut maletan neuzkan altxorrak. Astero idazteko konpromisoari eustea zein zaila den ere ikasi dut. Gainera horri gehitu behar diogu nik ez dudala hizkuntza hain ondo menperatzen, eta nire testuek behar izaten dituzte, ejem, ohi baino zuzenketa gehiago... Miresgarri zaizkit astero artikulu zein zutabeak idazteko gai diren lagunak, eta iruditzen zait mirari bat egiten dutela egunero interesgarri gertatzen den zerbait idaztea lortzen dutenek.

Nik, momentuz, ezin dut jarraitu, astero idazteko materiala agortu egin zait eta. Elkar ikusiko dugu oraindik, ARGIAn, edo beste leku batzuetan, baina astero zutabe bat ez dut berriro egingo. Pixka bat nire gogoz kontra konturatu naizelako, zerbait duina eskaintzeko, denbora gehiago behar dudala.

Eta hori da gaur kontatu nahi nuena. Eta, horiek horrela, bi gauzak gehiago baino ez, esateko:

Mila esker, hemen idazteko proposatu zidanari.

Mila esker, nire gauzatxoak irakurri dituzuenoi.