argia.eus
INPRIMATU
Hurrengo urtean berogailua jarri ahal izateko konponbidea behar du Hiriburuko ikastolak
  • Gasaren kontratua aldatu eta urtean 6.000 euro ordaintzetik 40.000tik gora ordainduarazi nahi izan diote Hiriburuko Ametza ikastolari. Ondorioz, kontratua eten eta hamar egun berogailurik gabe egon dira ikasle eta irakasleak. Elkartasunak salbatu ditu, gelak berotu ahalko dituzte aurten, baina hurrengo urterako konponbidea eskatu diote eraikinaren jabeari, Euskal Elkargoari.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 13a
Argazkia: Seaska

EDF enpresa nahastu egin zela pentsatu zuten hasieran, kontratua berritu eta gasaren faktura urtean 6.000tik 40.000ra igaroko zela ohartarazi zienean. Dirutzari aurre egin ezinik, berogailua pizteari utzi diote hamar egunez, eta bitartean kontratu merkeagoa lortzen saiatu dira hornitzaileen bitartekari batekin. 21.000 euroko kontratua proposatu diote ikastolari.

Arrasatetik iritsi da elkartasuna

Iparraldeko Hitzan kontatu dutenez, Ametzaren zailtasunak ikusita martxan jarri ziren Arrasateko Arizmendi ikastolan: gaztaina errea eta ikasleek egindako hostoak salduz, 5.333 euro lortu zituzten Hiriburuko ikastolari laguntzeko. Biziki eskertu dute ekimena Ametzan. Diru horrekin, ikastolako gurasoek kuota handitzearekin eta ur beroa moztearekin, aurten berogailua pizteko nahikoa diru izango dute azkenean, baina garbi dago ezin dutela epe ertain eta luzera horrela jarraitu.

Euskal Elkargoa da eraikinaren jabea eta hari eskatu diote sistema aldatzeko laguntza: gasa utzi eta sistema elektriko batera pasa nahiko lukete, bero-ponpa baten bidez-edo.