argia.eus
INPRIMATU
Hurrengo Eurovision jaialdia Israelen izanez gero boikot egiteko eskatu dute 140 musikarik
  • “Palestinarrek askatasuna eta justizia izan arte, ez litzateke Israelera nazioarteko negoziorik eraman behar” diote manifestu batean 140 artistek. Aurtengo edizioa israeldar batek irabazi zuenez, oso posible da datorren urtekoa bertan izatea.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 06a

“Israelek palestinarren eskubideak urratu eta zapaltzen ditu; ez da zilegi jaialdia horra eramatea”, adierazi dute. “Banaketarik gabeko” herrialde batean egitea eskatu dute, eta eskubideak errespetatzen eta justizia betetzen ez den herrialde bat ez dela banaketarik gabekoa.

Gogorarazi dute aurtengo maiatzaren 14an, Netta Barzilai israeldarrak Eurovision jaialdia irabazi eta biharamunean, Isralego Estatuak 62 palestinar hil zituela Gazan. Horietatik sei haurrak, eta ehunka zauritu. Horregatik, Eurovisionen 2019. urteko edizioa eskubide “justuagoak” dituen herrialde batera mugitzea eskatu dute.

Nazioarteko 140 musikarik eta artista ezberdinek sinatu dute manifestua. Tartean Fermin Muguruza abeslariak, Itaca Band eta Lluis Llach abeslari katalanek, eta Espainiar Estatuko beste hainbat musikari eta taldeek: Riot Propaganda, Kase.O, Tremenda Jauria, Zoo, Smoking Souls eta Mafalda, besteak beste. Frantziar Estatuko askok ere sinatu dute: Gérard Morel, Eyal Sivan, Francesca Solleville, Tardi, Elli Medeiros eta beste hainbatek.