argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria

Eneko Atxa Landa 2024ko irailaren 24a
Pello Gutierrez PeƱalbaren 'Erreplika' dokumentala, Zinemira sailean.

Astelehen arratsaldean Euskal Herrian egindako bi dokumental nituen planifikatuta. Ez naiz bereziki dokumental zalea, baina Zinemaldia aukera egokia izan ohi da ohiturak alde batera uzteko. Pello Gutierrez Peñalbaren Erreplika aukeratu nuen, duela astebete inguru, saio guztietarako sarrerak erreserbatzen aritu nintzenean. Zer ikusi aukeratzeko sinopsiez baliatu naiz, eta Erreplikarena irakurri nuenean, misteriotsua iruditu zitzaidan.

Sinopsiak honelako esaldiak biltzen ditu: “1979an Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen”. “Hutsune kolektibo bat”. “Hutsuneei buruzko filma da hau”. “Nire aita Juanmi Gutierrez zinemagilea duela urte batzuk hil zen”. Lerro artean ikusten da nondik nora doan, baina misteriotsua badirudi, gutxienez. Hala ere, ez nuen espero horren lan pertsonal eta hunkigarria ikusiko nuenik. Hutsuneen eta sinboloen ideiak landu ditu, alde batetik, Ama Birjinaren lapurretarena kontatuta, herrian egon ziren liskar eta antolakuntza kolektiboa erretratatuta; eta, beste aldetik, bere aitaren hutsunea, heriotzak sortzen duena, sentikortasunez ukitu du. Nola betetzen dugun hutsunea, Ama Birjina lapurtua, aita zendua, erreplika batekin, batzuetan.

Dokumentalean zehar garatu dira ideia guztiak, eta, horretarako, Pello Gutierrezen beraren off-eko ahotsak eraman gaitu ikusleak eskutik. Pertsonala, intimoa, errespetuz egindakoa izan da filma, ikuslegoak guztiz barneratu du, eta agerikoa izan da sentimendua. Hori transmititzen asko lagundu duela esango nuke, gainera, Maite Larburuk egindako musikak.

Gehien gustatu zaidana ondorengo hizketaldia izan da, eta, batez ere, publikoaren galderen zatia; hortxe nabaritu baita jendeagan izan duen eragina. Mikrofonoa hartu du, besteak beste, 1979an Ama Birjinaren lapurreta salatu edo erregistratu zuen pertsona batek, eta, nik uste, hernaniarra zen beste batek. Emozioz, esker onez eta hunkiberatasunez bete da aretoa. Jendeari asko kosta zaio aretotik ateratzea guztia bukatu denean, zeozer esan nahiko du horrek.

Arantxa Aguirreren 'Ciento Volando' dokumentala, Eduardo Chillidari buruzkoa, Zinemira sailean.
Eskulturak mugimenduan

Hurrengo dokumentala, Arantxa Aguirreren Ciento Volando izan da, Eduardo Chillidaren bizitzaren, eta, gehienbat, bere obraren ingurukoa. Lan hau gehiago hurbiltzen da, nire aburuz, dokumental hitza entzutean irudikatzen dugunera. Jone Laspiur aktoreak gidatu gaitu Eduardoren bizitzan zehar, hurbileko hainbat pertsonari eta Chillidalekuri lotutako jendeari elkarrizketa interesgarriak eginez. Jende mota desberdina elkarrizketatu dute dokumentalean: Chillidalekuko langile batzuk edo Eduardoren lagun eta ezagunak, eta guztiek zuten zer kontatu.

Ez dut gezurrik esango, ez nau beste dokumentalak bezainbeste harrapatu, baina ez okerragoa izan delako, inondik inora, baizik eta beste estilo neutroago bat zuelako. Chillidaren irudia errespetu handiz zaindu duela iruditu zait, eta elkarrizketatuek goraipamenez eta hitz atseginez tratatzen zuten artista. Horrez gain, estetikoki zaindua eta atsegina izan da lana, hasieratik bukaerara. Asko laguntzen zuten eskulturek horretarako, noski, baita Chillidalekuko paisaiak berak ere. Baina, berdin-berdin, hori guztia erakusten jakin egin behar da, eta nire ustez, lortu du, plano arrunt baina orekatuez baliatuta.

Ezer gutxi dakit nik Eduardo Chillidaren obraz, eta are gutxiago eskulturaz eta arte plastikoez, eta horregatik agian urrutitxo geratu zait dokumentala. Baina, ikasteko aukera aparta izan da, eta hemengo artearen historiaren zatitxo bat ezagutzeko ere bai. Azkenik, detaile bezala, azken-azken planoa bereziki ona iruditu zait. Izugarri ondo itxi du filma, eta guztiz lortu du nahi zuena.