argia.eus
INPRIMATU
Ekolurra
Hurbileko produktu ekologikoek bereizgarri berria dute EAE-n
  • Abenduaren 15ean Ekolurra egitasmoaren aurkezpena egin zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak. Martxan jarri duten bereizgarri berriarekin, pauso bat harago eman eta zigilu ekologikoak Europa mailan jarritako gutxieneko baldintzei beste batzuk gehitu dizkiete. Xabier Lejarzegi Kontseiluko koordinatzaileak azaldu digu Ekolurra bereizgarria zer den.  

Garazi Zabaleta 2021eko abenduaren 16a

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluan kontrol eta zertifikazio lanak egiten dituzte, eta mota askotako enpresei ematen dizkiete zigilu ekologikoari dagozkion baimenak. “Europako ekoizpen ekologikoko zigilua erabiltzeko aukera guk ematen diegu enpresa horiei, baina ikusten genuen hori baino gehiago ere egin genezakeela, eta bertakoari beste balio bat eman geniezaiokeela”, azaldu du Lejarzegik. Eredu ekologikoan egina izatetik harago, bestelako balio batzuk ere jaso dituzte Ekolurraren araudian, hala nola, hurbilekoa izatea.

“Argi ikusten genuen merkatuak bertako ekologikoa nahi zuela, eta kalitateari dagokionez ere, produktu askotan zenbait ezaugarri gehitu ditugu bereizgarriaren araudian”, dio koordinatzaileak. Bestelako hainbat gauza ere kontuan hartuko ditu Ekolurrak, esaterako, ontziratzeko erabiltzen diren materialak edo abeltzantzan dihardutenen ustiategietan espezie guztiak ekologikoan izatea. “Europako araudi ekologikoak, adibidez, aukera ematen du ustiategi berean espezie bat ekologikoan izatea eta beste bat konbentzionalean”. Horri buelta eman diote bereizgarriarekin, eta esklusibitatea eskatu diete abeltzainei. Merkaturatzeko zirkuitu laburrei garrantzia ematea bezalako zenbait gomendio ere eman dizkiete bereizgarria duten ekoizle eta eraldatzaileei.

Sektoreko eskakizunei erantzunez

“Egitasmoa abiatzeko beharra sektoreko eragileek sumatzen zuten batez ere”, azaldu du koordinatzaileak. Kontsumitzaileen eskakizunekin zuzenean lotuta doa sektoreko eragileen eskari hori, dena dela. Izan ere, produktu ekologikoen kontsumitzaileak beste edozein produkturenak baino exigenteagoak direla ikusi dute Kontseiluan. Momentuz, kide guztiek ez dute bereizgarri berria izanen, batzuek ez dituztelako gutxieneko ezaugarriak betetzen.

Ekolurra bereizgarria lortzeko, produktu bakoitzari eskakizun propioak egin dizkiote. “Elaborazio ia guztietan, erabiltzen diren lehengaien erdiak behintzat bertakoa izan beharko du. Baina zenbait jardueratan, ogigintzan esaterako, zenbaki hori jaitsi egin da, bertako irin ekologikoa lortzeko aukera oraindik txikia delako”, amaitu du.