argia.eus
INPRIMATU
Hura ez zen inoiz gertatu behar

Unai Villacorta Rollan 2021eko azaroaren 02a

Hainbat mendez erresuma propio bat izan ondoren, 1512an Gaztelako erresumak Nafarroako erresuma konkistatzeari ekin zion armen bitartez eta odola isuraraziz. Hura ez zen inoiz gertatu behar.

1609an Frantziar errege Henri IV-ek Pierre de Lancre igorri zuen ustez sorginkeria geldiaraztera, errealitatean emakumeen askatasuna eta euskararen erabilera zigortu zituztelarik. Hura ez zen inoiz gertatu behar.

1789ko Iraultzaren ondoren, frantziar botereek euskarari gerla deklaratu zioten eta eskola baliatu zuten gure lurraldearen zati batean frantsesa indarrez inposatzeko. Hura ez zen inoiz gertatu behar.

"Hura guztia ez zen inoiz gertatu behar, baina hura guztia jasan izanagatik aurrera eramandako borroka, gertatu behar ez zenaren ondorioa besterik ez da"

1968an Euskadi Ta Askatasunako militante Txabi Etxebarrieta Tolosako Bentaundin erail zuen guardia zibilak. Hura ere ez zen inoiz gertatu behar.

1972an, Franco terroristaren eskutik Iberdrola enpresak zentral nuklear bat inposatu nahi zigun Lemoizen. Estrategikoki arriskutsua eta amalurraren kontrako sarraskia suposatzen zuen. Eraikitzen hasi ziren ere, gure lurrak eta paisaiak zikinduz. Hura ez zen inoiz gertatu behar.

2003an Euskaldunon egunkaria itxi zuten, 10 lagun atxilotu eta torturatuz. Hura ez zen inoiz gertatu behar.

2009an, espainiar gobernuak, frantziarraren kolaborazioarekin, Jon Anza militante nekaezina bahitu eta erail zuen. Senideek eta Euskal Herriak hilabeteak pasa zituzten non zegoen jakin gabe. Hura ez zen inoiz gertatu behar.

Luze eta zabal segi dezakegu gertatu behar ez ziren adibideak mahai gaineratzen, etsaien krudelkeriak eta bortizkeriak ez baitu mugarik izan. Hura guztia ez zen inoiz gertatu behar, baina hura guztia jasan izanagatik aurrera eramandako borroka, gertatu behar ez zenaren ondorioa besterik ez da. Gure herriak autodefentsarako eskubidea baliatu du, asmatze eta akatsekin, eta izan duen biziraute kapazitateaz ezin harroago egon beharko ginateke. Hori guztiagatik amestu dezakegu oraindik Euskal Herri askea. Etsaiak borroka gogor bat irabazi digu, batzuk makurtu dira, bota bizkar gainean jarri digute, eta azken egunetako adierazpenak lekuko, bota hori konplexurik gabe eta herri oso baten izenean miazkatzen ari dira.

Horren aurrean, etsaiak guztiz eroso daude. Ez ditut inoiz egindakoa errekonozitzen eta barkamenak eskatzen ikusi, oraindik gutxiago damutzen edo eragindako sufrimendua arintzeko konpromisoa hartzen. Kontrara, kondekorazioak, omenaldiak, edo indultuak jaso dituzte beraien agindu zuzenetara jardun dutenek. Azken kasua urrian gertatu da, Altsasuko borroka probokatu zuen guardia zibila kondekoratu baitute.

Hain behera erori gara, hainbeste urtez bahiturik izan ditugun herriko alaba-semeen ongi etorriak publikoki ez egiteko hausnarketa eramatera iritsi direla batzuk. Emaitzak argigarriak dira: 2020an 28 euskal preso politiko askatu zituzten, zazpik bakarrik jaso zuten merezitako ongi etorri publikoa, eta aurten 25etik bik.

14 urterekin inplikatu nintzen nazio askapen borrokan eta nire ekarpen xumea egin eta egiten dut geroztik, baina atsekabeturik nago garai hartan aurkitu nituen determinazioa, konpromisoa eta duintasuna ez baititut ikusten azken urte luze hauetan. Bada garaia hasieratik ondorioak finkatuak dituzten eztabaida prozesuetatik at, benetako gogoeta bat burutzeko, eta mahai gainean jartzeko gure nazioaren askapenean, nahiz mundu berri bat eraikitzean, zein aurrerapauso eman den eta zeren ordainetan.

Nik pertsonalki nahiago dut zutik hil, belauniko bizi baino!