argia.eus
INPRIMATU
Errota
Hur-olioa eta beste hainbat produktu, Senpereko lurretan sortuak
  • Vincent Trebessesek sortutako ekimena da Errota, Senperen hurrak ekoizten eta eraldatzen dituen proiektu berezia. 2008an jarri zuen martxan hur-olioa egiteko errota, hasiera hartan Ziburuko bere etxean. Hurrak kanpotik erosten zituen, baina pixkanaka proiektuan sakontzen joan zen, eta 2015ean, hurrak eraldatzetik ekoiztera ere pasatu zen. “Zenbait urtez lur bila aritu ondoren, Senperen erosi genuen lursail hau, eta momentu hartan pasatu nintzen laborari ere izatera”, dio. Probak eginez eta esperimentatuz joan dira urteotan, eta hurra hamaika formatan eskaintzen dute egun: olioa, krema, hautsa, xaboia…

Garazi Zabaleta 2023ko maiatzaren 29a

Senperko hiru hektareako lursailean 1.200 hurrondo landatu zituzten 2015ean. “Ekoizpen ekologikoan ari gara, eta ez da oso ohikoa hori, hurren Balanin xomorroak uztaren %90 izorratu baitezake eta momentuz ez baita tratamendu ekologikorik ezagutzen”, azaldu du. Landaketak egin dituen ingurua biodibertsitate handiko tokia izanik, hura ez kaltetzea zen ekoizlearen helburua, horregatik erabaki zuen biologikoan ekitea: “Balanin xomorroen aurka egiteko ere biodibertsitate hori maila gorenera eramaten saiatzen naiz, xomorroen harrapakariei fabore egiteko”.

Errotan ez dira behar adina hur ekoiztera iritsi oraindik, eta elkarlanean ari da beste zenbait ekoizlerekin, nahiz eta horietako zenbaitek konbentzionalean ekoizten dituzten hurrak. Aurrera begira, Pirinio Atlantikoetako departamenduan hur ekoizpen sektorea indartzeko asmoz sareak sortzen ari da Trebesses.

Hurbileko osagaiekin eginak

Hur-olioa da Errotako produktu nagusia, eta Senpereko olio-errotan egiten dute eraldaketa prozesu osoa. “Hurrak bildu, garbitu, lehortu, kalibratu eta makinekin txikitzen ditugu. Litro bat olio egiteko, adibidez, 25 kilo hur behar dugu”. Oliba olioaren prozesu antzekoa darabilte, eraldaketan ez dute berorik erabiltzen, eta produktu fin eta suabea da emaitza. “Elikagaietan nahiz kosmetikoetan erabiltzeko aproposa da olio hau”, gehitu du.

Bestelako produktuak ere topatuko ditugu Senpereko gunean nahiz interneteko dendan salgai. “Olioa, krema eta hautsa nik egiten ditut, baina beste zenbait produkturen kasuan, kosmetikoenean adibidez, nire balio berak dituen Baionako enpresa txiki batekin elkarlanean egiten ditut”. Produktuotan darabiltzaten lehengaiak hurbilekoak izatea bilatzen dute: “Eztia Ziburuko eta Azkaineko erlezainena da, hur-hautsarekin prestatzen dugun kondimentu baterako darabilgun gatz-lorea ere Saliesetik ekartzen dugu…”. Gunean eta lursailean bisitak antolatzen ditu Trebessesek, eta salmentaren zati handiena bertan, zuzenean egiten saiatzen da. Zenbait sukaldarirekin, gozogilerekin eta denda txikirekin ere lan egiten du.