argia.eus
INPRIMATU
Huntza taldeak bere agurra iragarri du, ia hamarkada baten ostean
  • "Indarberritzeko astia" behar dutela azaldu du Huntza taldeak. Geratzen zaien kontzertu bakoitza azkena balitz bezala "gozatuz" bukatuko dutela azpimarratu dute. 2024eko otsailaren 3an emango du azken kontzertua Bilboko Miribilla Arenan eta sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 24a
Argazkia: Huntza taldea.

Huntza taldeak bere agurra iragarri du sare sozialetan argitaratutako komunikatu baten bidez. 2014an sortu zen unibertsitate giroan eta lehen agerpena 2016ko martxoan egin zuen. Ia hamar urteko ibilbidea egin du, trikitixa doinuak eta euskara Euskal Herriko eta nazioarteko txoko askotara eramanez.

Bide orok nekea eragiten duela eta nekea pilatu ostean "indarberritzeko astia" behar dutela azaldu du taldeak oharrean: "Ez da erraza bidea etengo dugula esatea. Baina hori eskatzen digute, bihotzak baino, buruak eta gorputzak". Bidelagun izan dituzten jarraitzaileak eskertzeko ere baliatu dute oharra: "Hori izan da bidearen ederrena, eta gehien asebete gaituena". "Argiak itzaltzean piztuta jarrai dezala Huntzaren musikak, plaza zein kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barreran dantzan jartzen", gaineratu du taldeak.

Denbora honetan, 250 kontzertu inguru eman, 30 kantutik gora sortu eta hiru diskoa argitaratu ditu: Ertzetatik, 2016an; Xilema, 2018an; eta Ezin ezer espero, 2021an.

Aldapan gora kantuarekin lortu du oihartzunik handiena eta Youtube plataforman entzunaldi gehien dituen euskarazko kantua izatera iritsi da, ia 14 milioi erreprodukzio pilatuz.

Azkena balitz bezala izena jarri diote agurrerako antolatu duten "kontzertu bereziari". Geratzen zaien kontzertu bakoitza azkena balitz bezala "gozatuz" bukatuko dutela diote. 2024eko otsailaren 3an emango du azken kontzertua Bilboko Miribilla Arenan, 20:00etan, eta sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai