argia.eus
INPRIMATU
Hungariako prentsa askatasuna kolokan oposizioko egunkari nagusiaren itxierarekin
  • Hungariako egunkari handiena, Népszabadság (Herriaren Askatasuna hungarieraz), itxi du Mediaworks editorialak bat-batean eta aurretik abisurik eman gabe. Erabakiaren aurkako mugimenduak berehalakoak izan dira.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 13a
\"Hau da Népszabadság-en lekua\" (Arg.: Népszabadság-eko kazetariak)

Itxiera egunkariak lehen ministro Viktor Orbánen gertuko aliatuak eta Banku Zentraleko zuzendaria ustelkeria kasu batean nahasten dituen artikulu bat argitaratu eta gutxira iritsi da.

Mediaworks editorialak itxieraren arrazoia diru galera garrantzitsuak direla azaldu du, 5 bilioi florin ingurukoa –16 milioi euro baino gehiago –. Azken hamar urteetan irakurleen %74 galdu du egunkariak.

Editoriala Vienna Capital Partners enpresaren esku geratu zen duela bi urte, Ringier AG taldeari eta alderdi sozialistaren inguruko fundazio bati beraien partizipazioak erosi ostean. HVG aldizkariaren arabera gobernuaren inguruko enpresa bat izan daitekeela susmatzen da.

Egunkariko erredakzio taldeak argitu du abisua jaso bezain laster posta elektronikoak blokeatu zitzaizkiela eta bulegoetara sarrera debekatu. Kazetariek esan dute akzio legalak hartuko dituztela, besteak beste, erabakia hartu zen bileretara berain ordezkaririk ez gonbidatzeagatik. Langileek egunkariaren Facebook orria erabili dute itxiera eta gobernuaren isiltasuna salatzeko.

HPU Hungariako Prentsa Batasunak komunikabideen pluraltasuna, adierazpen askatasuna eta langileen eskubideak kolokan jartzen dituela argudiatu du. Era ez garden eta “diktatorialean” harturiko erabakiak Hungariako prentsa independientean eta ikerketa kazetaritzan ondorio larriak izan ditzakeela uste du.

Europar Parlamentuko Alderdi Sozialista itxieraren aurka agertu da. Gogor aritu da Gianni Pittella taldeko presidentea: “Prentsa askatasuna arriskuan dago gaur Hungarian”. Hauen ustez ustelkeria kasuak argitzearen aurrean estatu diktatorialek izaten duten jarrera da hungariar gobernuarena.

Hainbat egunkarik ere berain elkartasuna adierazi die egunkariko langileei.Larunbatean, 2.000 lagun elkartu ziren Hungariako Parlamentuaren aurrean, Budapesten, protesta egiteko.