argia.eus
INPRIMATU
Hungariako gobernu ultraeskuindarrak botere guztia bere gain hartu du pandemiaren aitzakian
  • Hungariako parlamentuak astelehen honetan onartu du koronabirusaren aurka egiteko aitzakipean Viktor Orban lehen ministroaren gobernuari botere ia mugagabea ematen dion lege-aldaketa. Oposizio guztia agertu da herrialdea gobernatzen duen politikari ultraeskuindarrak hartutako erabakiaren aurka.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 31
Viktor Orban lehen ministroak ia mugarik gabeko boterea edukiko du Hungarian.

Hemendik aurrera, Orbanen exekutiboak dekretu bidez hartu ahal izango ditu erabaki ia guztiak, besteak beste noiz pasa den larrialdi egoera, lege-aldaketa egiteko erabili den argudio nagusia. Besteak beste, legeak bertan behera utzi ahal izango ditu Hungariako Gobernuak, baita informazioen zabalpena bloketatu ere, pandemiaren aurkako “defentsa” oztopatzen badute.

Besteak beste, bost urterainoko espetxe-zigorrak aurreikusi dituzte gobernuak blokeatutako informazioak zabaltzeagatik.

Erreformaren oinarrian, Hungariako konstituzioaren artikulu bat dago, “arrisku egoeran” gobernuari ezohiko eskumenak ematen dizkiona. Oposizioak, ordea, uste du Orbanen gobernuak zentsura aplikatzeko eta kritikak isilarazteko erabiliko dela.

Besteak beste, ezohiko neurriak epe-mugarik ez edukitzea kritikatu du oposizioak eta gehienez 90 egunera luzatu dadila eskatu du, baina Orbanen gobernuak ez du aintzat hartu eskari hori.

Astelehenean, 447 koronabirus kasu positibo zeuden Hungarian eta 15 lagun hil dira pandemiaren erruz.