argia.eus
INPRIMATU
Hungariak dokumentu ofizialetan generoa aldatzea debekatu du
  • Europan horrelako lege bat onartzen den lehen aldia da. Transexualen eta intersexualen eskubideen aurkako lege horrek nazioarteko giza eskubideen aldeko ekintzaileen alarma guztiak piztu ditu, erasoak jasateko arriskuan jartzen baititu.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 29a
Viktor Orban Hungariako lehen ministroa. Argazkia: Cuartopoder.

Garai zailak dira hungariarren giza eskubideentzat. Viktor Orban buru duen gobernu ultraeskuindarrak ia botere guztia du bere eskura, pandemia baliatuz onartutako dekretu baten ondorioz. Oposizioa aurka izanda ere, dekretu bidez gobernatzeko eskubidea du exekutiboak, eta hain zuzen ere, horrela onartu du generoa aldatzeko debekua.

Hungarierak duen hitz-jokoa baliatu du gobernuak. Izan ere, “sexua” eta “generoa” berdin esaten dira hungarieraz, “nem”. Hori horrela, hitz horri definizio berri bat eman dio gobernuak: “Sexu ezaugarrietan eta kromosometan oinarritzen den sexu biologikoa”.

Hungariako transek eta intersexualek salatu dute dokumentuak erakutsi behar dituzten uneetan burla eta barre egiten dietela. Momentu deserosoak direla adierazi dute, baina ez hori bakarrik; beren segurtasuna kolokan jarri dezaketela eta erasoak jasotzeko arriskua dutela.

Europar Batasuneko Giza Eskubideen aldeko agentziak egindako ikerketa batean, galdekatuen %95ak erantzun du Hungariako Gobernuak ez duela neurri nahikorik hartzen LGTBI+fobiak geldiarazteko. Ez hori bakarrik, ez ditu betetzen Europar Batasunaren Giza Eskubideen aldeko Konbentzioko betebeharrak mota horretako erabakiekin.