Hungariako Banku Zentraleko buruak gutuna idatzi dio Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) Christine Lagarderi, eskatuz itxi dezala erakundeak herrialdean duen bulegoa eta hanka egin dezala bertatik. Hungariak laguntzarik gabe jaulki ditu bonoak nazioarteko merkatuan eta NDFrekin duen zorra lehenbailehen kitatzeko planak abiarazi ditu.
2008an kiebra jo zuenean, NDFk eta EBk 25.500 milioi dolarreko kredituarekin “erreskatatu” zuten Hungaria, hainbat neurri murriztaileren ordainetan.
Bi urte geroago Viktor Orban lehen ministroak uko egin zion akordioa berritzeari eta orduz geroztik herrialde horren eta NDFren arteko harremana gaiztotu egin da.
Hungariak ez ditu nazioarteko finantza erakundeek exijitzen dizkioten neurriak negoziatu nahi, eta EBk berriz, kritika gogorra egin dio Orbani, bere esanetan demokrazia urratzen duten legeak onartu dituelako.
2013an Orbanen Gobernuak nazioartean bonoak jaulki ditu arrakastaz eta orain NDFrekin duen zorra aurrerapenarekin kitatu nahi du. Hala, urtea amaitu baino lehen 2.200 milioi dolar itzuliko dizkio, 2014ko martxoaren 14ra arte hori egitera derrigortuta ez dagoen arren. Ordainketa egin ondoren, NDFk bulegoa ixtea eskatu du banku magyarreko zuzendariak.
Datorren urtean Hungarian hauteskundeak izango dira, eta askoren ustez Gobernua erakutsi nahian dabil austeritate programak saihesteko gai dela.