argia.eus
INPRIMATU
Humza Yousaf izango da Eskoziako lehen ministro berria
  • SNP alderdi independentistako buru eta Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek otsailean dimititu zuen, eta horrek gertukoen zuen Yousaf hautatu dute haren ordezko gisa SNPko militanteen %52k; botoen %48 lortu du Kate Forbes ebanjelistak.

Leire Artola Arin 2023ko martxoaren 27a
Yousafek esan du Eskoziaren independentzia lortuko duen belaunaldia direla irabazi osteko hitzaldian. Argazkia: Andy Buchanan/AFP/Getty Images.

Ezustean eta trans legearen polemika erdian dimisioa aurkeztu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak otsailaren 15ean. Astelehen honetan jakinarazi dute haren tokia nork hartuko duen: Humza Yousaf Osasun ministroak. SNP alderdi independentistako buruzagitza eman diote 37 urteko gizonari, militanteen %52k haren alde bozkatuta. Gertu izan du Kate Forbes Finantza ministroa, botoen %48 jasota.

Forbes ezaguna da ideologia ebanjelista duelako, eta zenbait gaitan jarrera oso kontserbadoreak dituelako. Hark irabazi izan balu agintaldian babesak lortzeko arazo gehiago aurreikusten ziren. Yousaf, ordea, Sturgeon lehen ministro ohiaren segida gisa ikusten da, harengandik gertuen egon den alderdikidea delako, The Guardian egunkariak gogorarazi duenez. Ia 20 urteko ibilbidea du SNP alderdiaren barruan. Asteartean aurkeztuko du lehen ministro izateko hautagaitza parlamentuan, eta ezustekorik ezean kargua hartuko du.

Lehentasunak agintaldian

Irabazi osteko hitzaldian Yousafek iragarri du “eskoziar guztientzat” aginduko duela, eta lehentasunak hauexek direla zehaztu du: “Nire berehalako lehentasuna izango da eskoziar bakoitza ahal dugun neurrian babesten jarraitzea bizi-krisiaren kostuak eragindako kalteetatik, gure NHS osasun zerbitzua eta funtsezko beste zerbitzu publiko batzuk berreskuratzea eta erreformatzea, gure ongizate-ekonomia babestea eta herrialdeko pertsonen bizitzeko aukerak hobetzea”. Pobreziari, energiari eta ekonomiari lotutako neurriak ere aipatu ditu.

Halaber, berretsi egin du Sturgeonek hartu zuen konpromisoa: Eskoziako independentzia lortzea. “SNP taldean batuta, geu izango gara Eskoziari independentzia emango dion belaunaldia”, jakinarazi du oharrean. Halere, azpimarratu du “batasuna” beharko dutela alderdian, izan ere, hautaketa prozesuan SNP barneko desadostasunak agerian geratu dira, eta hori konpontzeko deia egin du.