Manifestazio jendetsua egin dute Iruñean Huertas de Peraltako langileek eta haiei elkartasuna adierazi dieten 1.500 bat herritarrek. Hainbat ordezkaritza sindikal ere izan dira manifestazioan, besteak beste EHNE eta ESK-koak.
Abendu amaieran egin du jauzi lan gatazka honek indarrez iritzi publikora, besteak beste, Azkoiengo Huertas de Peralta enpresako sarreran izandako mobilizazioengatik. Hauetan Foru Poliziaren oldarraldi bortitzak izan dira eta hauen ondorioz LABek Mari Jose Beaumont foru sailburuaren dimisioa eskatu du. Aipatu sindikatuak darama langileen borrokaren ordezkaritza eta enpresako bederatzi ordezkarietatik sei ditu gaur egun.
Azken hilabeteetako borrokaren ondorioz baldintza hobeak lortu dituzte langileek, baina LABekiko harreman sindikala bideratzen duten lau langile kanporatu egin ditu zuzendaritzak. Orain, lan hobekuntzez gain, langile hauek berriz hartzea eskatzen dute langileek mobilizazioetan. Joan den ostiralean, urtarrilaren 4an, enpresako zuzendaritzak jakinarazi zien ez zutela onartuko langileen baldintzarik eta, ondorioz, hauek mobilizazioekin jarraitzen dute, astelehen honetan Iruñean egin bezala.
Udal plaza beteta manifestazioa iristean 1500 lagun inguru manifestazioan#HuertaDePeraltaBorrokan pic.twitter.com/qQCNm9REzv
— LAB Nafarroa (@LABnafarroa) 2019(e)ko urtarrilaren 7(a)
Grebalariak txalo artean jaso dituzte Udal plazan #HuertaDePeraltaBorrokan pic.twitter.com/IN1RR1ULi9
— LAB Nafarroa (@LABnafarroa) 2019(e)ko urtarrilaren 7(a)